Faxismoari eta erreakzionarismoari erantzuteko aliantzak aldarrikatu dituzte transfeministek
Dozenaka lagun irten ziren kalera LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean.Joseba Parron San Sebastian LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izan zen atzo eta ohi bezala, aldarrikapen egun koloretsua izan zen. Eguerdian abiatu zuten Ehgamek eta Donostiako asanblada transbollomarikak deitutako manifestazioa, Erreakzio faxistaren aurka, borroka transmaribolloa! leloarekin. Dozenaka lagunek bete zituzten Erdialdeko kaleak eta adierazi zuten zisheteroaraua apurtzeaz “harro” daudela.
Mobilizazioa amaierako adierazpenetan, “itxurazko berdintasuna” lortu dela sinestarazi arren, faxismoaren eta erreakzionarismoaren gorakada “argia” dela gogoratu zuten,eta horri aurre egiteko ezinbestekoa dela transfeministek beste borroka batzuekin aliantzak sortzea. Hala, kolektiboak jasaten duen indarkeria espezifikoaz salatzeaz gain, “generoa biologizatzen dutenak eta transak baztertzen dituztenak ez dira feministak. TERFak gure borroketatik eta hirietatik kanpora!”, bestelako borroka batzuekin lotutakoak ere aldarrikatu zituzten.
Gaitzetsi zuten hirian “ertzetako gorputzak” etengabe jazartzen dituztela. “Udaltzaingoak egiten dituen operazio arrazista guztiak, egunero ikusten baitugu bizilagun arrazializatuen kontrako euren biolentzia, udalaren oniritzi eta babesarekin”, baita “Ertzaintzaren etengabeko presentzia itogarria” ere, eta horri lotuta, Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideek jasandako biolentzia gogoratu zuten. “Argi dugu, hiritarron segurtasunaren izenean diharduen arren, polizia klase pribilegiatuak babesten dituen talde militarra dela. Ez gara inoiz zuen alde egongo! Aski da!”.
Sexu langileak ere izan zituzten gogoan, jasaten ari diren “estigmatizazioagatik eta kriminalizazioagatik”. “Heterosexualitateak gizonen zerbitzura eta dohainik esplotatzen ditu emakumeen eta disidenteon gorputzak eta sexualitatea. Abolitu behar dena kontratu zisheterosexuala da, eta ez sexu lana”.
Halaber, aurtengo etxegabetzeak eta etxebizitza turismoaren mesedetan jartzen duen hiri eredua ere deitoratu zuten, “espaziorik gabe utzi nahi gaituzte baina bizirik gaude. Insausti, lotu zure txakurrak!”, baita Palestina, Libano, Venezuela, Kuba, Kongo, Kurdistan, Albania eta Saharako erresistentziaren aldarriak ere, AEBei eta Europako erakunde eta enpresei Israelekin duten elkarlana etetea eskatuta.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastianek atzoko manifestazioan egindako argazkiak:

