Jesusen Bihotzaren Urgulleko monumentuari buruzko liburua ondu du Javier Sadak
Asteartean aurkeztuko dute liburua, San Jeronimo kaleko kriptan, 19:00etan. Elebitan argitaratu dute eta Donostia Kulturaren babesa du.
'Jesusen Bihotza' eskultura, Urgullen.Pedro Domeq / Donostia Kultura 2025eko azaroan, 75 urte bete ziren Urgull mendiko Jesusen Bihotz Sakratuaren monumentua bedeinkatu zutenetik, 1950ean inauguratu baitzuten, frankismo betean. Urteurrenaren bueltan, Javier Sada Anguera historialari eta idazte donostiarrak monumentuaren historia aztertu du, “haren aurrekari historikoetatik hasi eta urteurrenaren ospakizun berrienetaraino. Horrez gain, eraikuntza proiektuaren garapena, Urgull mendiko gurutze bide tradizionala eta Motako gazteluko kaperak ere jorratzen ditu”, azaldu du Donostia Kulturak.
Lanak 192 orrialde ditu, argazki ugarirekin, Jon Insausti alkatearen agurrarekin eta Fernando Prado gotzainaren hitzaurrearekin. Bihar egingo dute jendaurreko aurkezpena (hilak 30), 19:00etan, Udal Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko kriptan.
Liburua Idatz liburu dendan (fisikoki eta online) egongo da salgai, baita Urgull mendiko kaperan ere, 15 euroko prezioan. Era berean, Donostia Kulturako liburutegietan eskuragarri egongo da kontsultarako eta mailegurako.
Eskultura frankista
Gogoratu behar da Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu zuela duela urtebete inguru, Urgulleko eskultura ezaguna “frankista” dela frogatzeko eta horren inguruko eztabaida irekitzeko hirian. Eneko Goia orduko alkatea oso kritiko agertu zen horrekin eta, gerora, Insaustik esan zuen “eztabaida itxita” zegoela. Aipaturiko dokumentazioan oinarrituta, Urgulleko Jesusen Bihotza-ren inguruko atzera begirako erreportajea ondu zuen hedabide honek iaz.

