Ogi Berriko hainbat langilek eta langile ohik euren egoera salatu dute: soldata ez ordainduak eta beste
Ogi Berriko hainbat langile eta langile ohi, Intxaurrondon egindako elkarretaratzean.ESK ESK sindikatuak deituta, Ogi Berri okindegi enpresa ezaguneko hainbat langilek eta langile ohik elkarretaratzea egin zuten larunbatean Intxaurrondon, Galizia pasealekuan dagoen Ogi Berri establezimenduaren aurrean. Sindikatuak nabarmendu duenez, “Ogi Berri marka komertzialari lotutako Lacustre S.L. eta Iturrin S.A. enpresen soldaten ez ordaintzea salatzeko” atera ziren kalera. Intxaur jaiak ospatu zituzten asteburuan Intxaurrondon, eta, hain zuzen ere, Sagastieder plazako oholtzara igo, eta euren egoeraren berri eman zuten bertatik ere langileek eta langile ohiek.
ESKren arabera, ostiralean, “Lan Ikuskaritzak Lacustre S.L. enpresako langileek aurkeztutako hainbat salaketaren ebazpenak jakinarazi zituen. Enpresari dagokion lan eta banku dokumentazioa eskatu eta kontratuak, nominak eta ordainketa egiaztagiriak aztertu ondoren, Lan Ikuskaritzak egiaztatu du soldatak behin eta berriz legez ezarritako epez kanpo ordaintzen zirela. Horren ondorioz, enpresari formalki eskatu dio hemendik aurrera soldatak garaiz ordain ditzala”.

Ogi Berriko hainbat langile eta langile ohi, Intxaur jaietako oholtzan; euren egoeraren berri eman zuten jaietan ere.ESK
Horrez gain, sindikatuak nabarmendu duenez, “espediente horietako bitan, Lan Ikuskaritzak ondorioztatu du enpresak ordezkapenerako aldi baterako kontratuak lege iruzurrean erabili dituela, kontratu horiek justifikatzeko emandako arrazoia ez zetorrelako bat benetako egoerarekin. Hori dela eta, enpresari eskatu dio kontratu horiek mugagabe bihur ditzala”.
Horrela, “zor diren kopuru guztiak berehala ordaintzea, etorkizuneko soldatak garaiz abonatzea eta lege iruzurrean egindako kontratazioekin amaitzea” exijitu du ESKk. Sindikatuak gaineratu du, era berean, “plantillaren zati handi bat emakumeek eta migratutako pertsonek” osatzen dutela: “Kolektibo horiek askotan zailtasun handiagoak izaten dituzte enpresen gehiegikeriak salatzeko, lana galtzeko edo diru sarrerarik gabe geratzeko beldur direlako”.

