Palestinako genozidioa salatzeko «ekintza sinbolikoa» egin dute Intxaurrondon
Bernart Etxepare plazako urmaela gorriz tindatu zuten ekintzaileek, Palestinako genozidioa salatzeko.Intxaurrondo Palestina Intxaurrondo Palestina taldeak “ekintza sinboliko bat” egin zuten larunbatean, auzoko Bernart Etxepare plazan, “Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinako herriarekiko elkartasuna adierazteko”, taldeak azaldu duenez. Ekintzaileek ekintzaren bideoa helarazi diote hedabide honi, eta hemen ikus dezakezue.
Hain zuzen ere, plazako urmaela kolore gorriko margo ekologikoz tindatu zuten, “Gazan egunero isurtzen den odola irudikatzeko”, nabarmendu dutenez. “Erabilitako tindagaia biodegradagarria da, ingurumena errespetatzen du eta denborarekin berez desagertzen da”, zehaztu dute.
Horrez gain, plazako lurrean “haur palestinarren hil oihalak” irudikatu zituzten, “bonbardaketetan eta eraso militarretan hildako milaka haurren memoria gogora ekartzeko”. Gazako genozidioa salatzeko eta palestinar herriarekin elkartasuna adierazteko pankartak ere jarri zituzten urmaelaren inguruan.
“Ekintza honen bidez, gogorarazi nahi dugu ezin dela normaltzat hartu egunero herritar zibilak, haurrak, osasun langileak eta kazetariak hiltzea, ospitaleak, eskolak eta etxeak suntsitzea eta milioika pertsona gosera eta desplazamendura kondenatzea. Herritarrei dei egiten diegu isilik ez geratzeko. Isiltasuna eta axolagabekeria ere konplizitate forma bihur daitezke halako krimenen aurrean”, nabarmendu dute. Era berean, erakunde publikoak eta nazioarteko komunitatea ere interpelatu dituzte: “Exijitzen diegu behingoz neurri eraginkorrak har ditzatela: su eten iraunkorra, genozidioaren amaiera, Israelgo Estatuarekiko konplizitate politiko, ekonomiko eta militarraren etetea eta Palestinako herriaren eskubideak errespetatuko dituen irtenbide justu baten aldeko benetako konpromisoa hartzea”.

