Hogei urteko espetxe zigorra ezarri diote Lukas Agirre hil zuen gizonari
Hiltzailea ez ezik, beste bi pertsona ere zigortu ditu epaileak: bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri dio bati eta urtebete eta bi hilabetekoa beste bati.
Lukas Agirreren hilketaren kontrako elkarretaratzea, 2022ko Gabonetan. Xalba Ramirez Hogei urteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiko epaileak Lukas Agirre gaztea hiltzeagatik akusatutako gizonari, hilketa gauzatu zuen pertsona izan zela ebatzita. Horrez gain, bederatzi urte eta erdiko zigorra ezarri dio hiltzaileari “beharrezko laguntza” eman zion gizonari eta urtebete eta bi hilabetekoa hirugarren akusatuari, aurreko biak estaltzeagatik. Hala jakinarazi du Efe albiste agentziak.
Gogoratu behar da Agirre gazte hernaniarra 2022ko Eguberri egunean hil zutela, labankadaz, Okendo plazan. Aurtengo maiatzean abiatu zuten epaiketa, eta ekainaren 3an bukatu zen; epaimahaiak erruduntzat jo zituen akusatuak. Orain, erabaki hori berretsi du epaileak.
Zigortutako hiru pertsonei zenbait aringarri aplikatu dizkie auzitegiak, hala ere: droga kontsumoagatik hirurei eta buru nahasmenduagatik laguntzaileari. Bi akusatu nagusiek zigorrak betetzen dituztenean, zaintzapeko askatasunean egongo dira hamar urtez eta ezingo dira harremanetan jarri Agirreren familiarekin, ezta 500 metrora baino gutxiagora gerturatu ere. Bi aldeek sententziaren inguruko helegiteak aurkeztu ditzakete goragoko auzitegietan.

