Zubietako kartzelara iristeko autobus linea eskatu du Eguzkik
Zubietako kartzela. Eguzki Presoak Martutenetik Zubietara eraman zituztenetik bi aste baino gehiago igaro ostean, arazo batekin topatu dira presoak bisitatu nahi dituzten senide eta lagunak: ez dago Zubietako kartzelara joateko garraio publikorik. Kartzela Eskusaitzeta industrialdean dago kokatua eta Eguzkik adierazi du autoa erabiltzea “ia ezinbestekoa” dela bertaratzeko.
Garraio publikoz bertaratzeko bi bide nagusi aipatu ditu Eguzkik. Lehenarekin, Lasarte-Oriako tren geltokira joan eta bertatik ia ordubetez oinez egin behar da bidea. Bigarrenarekin, Bugatiko autobus geltokira joan eta ordu erdi luzetxo ibili behar da. Aukeratzen den bidea aukeratzen dela, bi bideek “100 metrotik gorako desnibela” dutela eta “zati handi batean aldapan gora nabarmen” egin behar dela ziurtatu du Eguzkik. Erakundeak gaineratu du, bidea ekaitzaren edo eguzkiaren kontrako babesik gabe dagoela eta ondorioz autoan bertaratzea ezinezko bada, nekez irits daitekeela kartzela berrira.
Honela, Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari garraio zerbitzu publiko bat lehenbailehen ezartzeko eskaera egin dio. Arazo hau aurreikusi zitekeela argudiatu du Eguzkik eta ez hori soilik, arazo hau aurretik datorrela gehitu du: “Garraio zerbitzu hori behar zela duela sei urte ere bazekiten, eta, hala ere, urte hauetan guztietan ez dira egoerari irtenbide bat emateko gauza izan”. Izan ere, kartzelara bertaratu nahi dutenek ez ezik, Eskusaitzeta industrialdera joaten diren langileak ere bertara auto pribatuan joan behar direla gaineratu du erakundeak. Are gehiago, industrialdean dauden enpresetako bi diru publikoz finantzatuta daude, eta enpresa horien helburua “mugikortasun jasangarri eta adimendua” sustatzea izatearen ironia azpimarratu du Eguzkik.
Horregatik eskatu dio Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari autobus linea bat ahalik eta lasterren ezartzeko, bertaratu behar diren langile, preso edo haien senideek garraio publikoa erabiltzeko aukera izan dezaten.

