Samantha Hudson da 37. Beldurrezko Asteko kartelaren protagonista
Urriaren 30etik azaroaren 6ra bitarte izango da 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astea, eta kartela iragartzeko eguna iritsi da. Samantha Hudson artista espainiarra da protagonista, itsas izaki mutante bihurtua ageri dena. Body horror azpigeneroan oinarritu dira, eta 50 urte bete dituen Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloari keinu bat egin nahi izan diote.
Abeslaria, konpositorea, ekoizlea, gidoilaria, aktorea eta kontrakultura garaikideko figura enblematikoenetako bat da Hudson. “Ezaguna da bere diskurtso kritiko eta abangoardistagatik, generoaren paradigmekin jolasten duen bere ibilbide musikalagatik, eta bere zuzeneko ikuskizunengatik. Egungo pop fenomeno handienetako bat da, eta erreferente bat Z belaunaldiarentzat”, nabarmendu du Beldurrezko Asteak.
Kartelaren diseinu grafikoaz Ytantos arduratu da. Argazkiaren koordinazioa Pedro Mambruk egin du, argazki zuzendaria Javier Bermejo izan da eta argazkilaria Chus Feijoo. Makillajea ND Studio FX-ek sortu du eta efektu bereziak Alive VFX & Design-ek.


