Donostiara iritsi da Latinoamerikako arkitekto gazteen «sormena eta konpromisoa»
'Latinoamerikako Arkitektura Gaztea' erakusketa.Euskadiko Arkitektura Institutua Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) Latinoamerikako Arkitektura Gaztea izeneko erakusketa inauguratu du. Erakusketa hau irailaren 27ra arte egongo da ikusgai Donostian, eta Latinoamerikako arkitektura garaikidearen adibiderik esanguratsuenetako batzuk biltzen ditu. Zehazki, Latinoamerikako Arkitektura Bienalaren bederatzigarren edizioko hamalau talde finalistaren lanak jasotzen ditu.
Erakusketak zalantzan jartzen du arkitekturarik onena herrialde aberatsenetan soilik egiten dela dioen ustea. Bildutako lanek agerian uzten dute, Arkitektura institutuak dioenez, kalitate handiko arkitektura, berrikuntza eta konpromisoa gizarte zein ekonomia erronka handiak dituzten herrialdeetan ere sortzen direla, eta proposamen horiek erantzun ausartak eta sortzaileak ematen dizkietela egungo erronkei, baliabide ekonomikoen mende soilik egon gabe.
Proiektu hauen gidariak 40 urtetik beherako arkitektoak dira, zortzi herrialde eta eskualdetatik etorriak: Argentina, Brasil, Erdialdeko Amerika, Txile, Kolonbia/Karibea, Mexiko, Paraguai eta Uruguai.

