Gizonezko bat espetxeratu dute Amara Berriko gozoki denda batean adingabe bati sexu erasoa egiteagatik
Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu du joan den asteartean, adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta. Delitua gozokiak saltzen dituen lokal baten barruan gertatu zen, bi egunez, jarraian.
Ertzaintzak ekainaren 30ean, asteartean, izan zuen adingabearen aurkako ustezko sexu erasoaren berri. Delitua pasa diren ekainaren 25ean eta 26an gertatu zen, Amara Berriko gozoki denda bateko arduradunak, ustez, bi aldiz, sexu erasoa egin zionean adingabeari.
Ertzaintzak ikerketari ekin zion, eta adingabeak emandako datuak eta deskribapena bat zetozen susmagarriaren ezaugarriekin; hala, agenteek egiaztatu ahal izan zuten ustezko erasotzaileak gozoki denda bat zuela Amara Berrin. Astearte horretako 20:30ean atxilotu zuten gizona, adingabeari sexu erasoa egitea egotzita.
Polizia miaketa eta espetxeratzea
Asteazken arratsaldean (hilak 1), epailearen baimena jaso ondoren, Ertzaintzako Polizia Zientifikoak begizko ikuskapena eta miaketa egin zuen establezimenduan, eta delituarekin loturiko zenbait ebidentzia lortu zituen. Hala, izapide guztiak egin eta epailearen esku utzi ondoren, azken horrek gizona espetxeratzeko agindua eman zuen.
Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen du balizko biktima gehiago identifikatu ahal izateko, atxilotuak antzeko gertakarien ondoriozko polizia aurrekariak baititu. Horregatik, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du ikertuarekin zerikusia izan dezaketen beste gertaera batzuk salatzeko.
Gertaera horien aurrean, hala, Itaiak mobilizaziorako deia egin du gaurko, hilak 3, Amara Berriko Ferrerias plazan.

