Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala ezagutzeko erakusketa, San Telmo museoan ikusgai
Graciela Iturbideren erakusketako irudietako bat.Graciela Iturbide Graciela Iturbide, bideko ezustekoak erakusketa aurkeztu du San Telmo museoak, abuztuaren 30era ikusgai egongo dena, Laborategia aretoan, doako sarrerarekin. Maria Millanek egin ditu komisario lanak, eta museoak nabarmendu duenez, “nagusiki, 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu”. “Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu”, gaineratu du museoak.
Iturbideren biografia honela laburtu du museoak: “Mexiko Hirian jaio zen 1942an, familia ugari eta kontserbadore batean. Bere patua izugarri aldatu zen 1969an Ikasketa Zinematografikoen Unibertsitate Zentroan sartu zenean. Hasiera batean zinema zuzendari izateko asmoa bazuen ere, Manuel Alvarez Bravo argazkilari eta bere aholkulari eta maisuarekin izandako topaketak bere bidea birdefinitu zuen. Urtebete pasatxo eman zuen bere laguntzaile, eta harengandik ikasi zuen emozioak lehenesten zurruntasun teknikoaren gainetik, eta kulturaz eta arteaz presarik gabe blai egiten. Hasierako esperientzia horretatik sortu zen Iturbiderenestilo paregabea, zorroztasun dokumentala eta ikuspegi intimoa eta guztiz lirikoa uztartzen dituena”.
Erakusketa 57 irudik osatzen dute, eta “bere ibilbide profesionalaren hastapenen esplorazio antropologiko eta poetikoa eskaintzen dute, nagusiki”, San Telmo museoaren hitzetan. “Argazkilariak jendearekiko konplizitatea zein konexioaren garrantzia agerian uzten dute, eta ezustekoaren zirraraz hitz egiten digute, bere esperientziekin batera, momentua erretratatzera eramaten baitute”, gaineratu dute antolatzaileek.

