«Lehentasuna harrobiko jokalariek izango dute»
Javier Blanco ‘Txuri’-k 15 urtetatik lotura izan du errugbiarekin. Lehenengo jokalari gisa, gero entrenatzaile moduan, epaile lanetan ere ibilitakoa da, eta, orain, sortu berri den Donostia Rugbyko presidentea izango da.
Javier Blanco 'Txuri', Donostia Rugbyko presidentea.Asier Gonzalez de San Pedro Zergatik elkartu dira Donostiako Atletiko eta Bera Bera?
Bakoitzak bere bidea bananduta egitearena bukatuta zegoela uste dut. Ondorioz, hazteko modua elkartzea da. Erronka anbiziotsuak bilatu nahi badira, proiektua gero eta indartsuagoa izan behar da. Naturala ikusten dut baliabideak optimizatzea Donostiako errugbia hazteko.
Zeintzuk dira helburu horiek?
Helburua maila gorenenean jokatzea da, betiere kontuan izanik zeintzuk diren gure baliabide humanoak, materialak eta finantzarioak. Jokalariei alternatiba bat eskaini behar zaie, ahalik eta maila altuenean jokatzeko. Hiru edo lau urte barru Ohorezko Mailan jokatzeko aukera baldin badugu, gure helburu horiek lortuko ditugu.
Zergatik elkartu dira orain?
Udalak gauzak erraztu ditu. Proiektuaren finantzazioan parte hartzea eta bi taldeen helburuak bateratzea ezinbestekoa izan da. Niri presidente postua eskaini zidaten ez naizelako ez Atletikokoa ezta Bera Berako ere. Lehenengo bilerara joan nintzenetik, borondate asko ikusi dut denen aldetik.
Zuretzako zer da Donostia Rugbyko presidente izatea?
Erronka bat da. Bi estrukturen menpe dagoen erakunde bateko presidentea naiz, nolabait esateko. Ideia bultzatu duten bi klubak zuzendaritzako kideak izango dira, eta, azken finean, haiek izango dira erabakiko dutenak. Bi aldeek erabaki guztiak bozkatuko dituzte, eta nire botoak berdinketa bat desegin dezake.
Atletiko eta Bera Bera elkartu dira, baina beste kluben bat proiektuan sartzen saiatu da?
Ez, proiektuarenganako interesa da dagoena. Nik Gipuzkoako klub guztietako presidenteekin hitz egin dut, eta denek proiektu ilusionagarria ikusten dute. Denek diote gu haziz gero haiek ere hazi egingo direla. Errugbiarentzat proiektua ona da, eta ona da anbiziotsuak izatea. Etorkizunean, gauzak modu naturalean baldin badoaz, agian, kluben batek interesa izan dezake proiektuan sartzeko.
«Zaleen masa guztia proiektura erakartzea lortzen baldin badugu, giro onaz gozatuko dugu»
Jokalariei dagokienez, bi klubetako jokalariak egongo dira soilik ala fitxaketak ere egingo dituzue?
Printzipioz, proiektuaren parte diren jokalariak izango dira. Momenturen batean helburuak lortu ahala, beharrezkoa baldin bada fitxaketak egitea, kontuan hartuko da zein eta nola. Betiere, helburuak lortuta daudenean. Ez da baztertzen Atletikoko eta Bera Berako jokalariak ez direnek jokatzea, baina ez da helburuetako bat, eta, edozein kasutan, lehentasuna harrobiko jokalariek izango dute.
Zein ligatan hasiko da jokatzen gizonezkoen lehen taldea?
Printzipioz, guk ez dugu Ohorezko B mailako plazarik, beraz eta gauzak aldatu ezean, Euskal Ligan parte hartuko genuke.
Neskekin ere berdina izango da. Harrobiko jokalariek izango dute lehentasuna. Bi kluben artean proiektu interesgarria izan daiteke. Bi proiektuak bide elkarrekin egingo dute, eta helburu anbiziotsuak bietan berberak dira.
Zein instalazio erabiliko ditu klubak?
Donostia Rugbyk, oraintxe bertan, hiru instalazio erabili ditzake haren erabilerarako, eta hori luxu bat da: Aieteko zelaia, Puiokoa eta, partidetarako, Anoetako estadio txikia. Zentzu guztien proiektu anbiziotsua da, baina kontuan izanik jokalariak izango direla protagonistak. Jokalariak eroso eta osasuntsu sentitu behar dira.
Jokalarien profesionalizazioa bilatzen da proiektu honen bitartez?
Ez gaude egoera horretan. Jokalariak profesionalizatzeko, baliabide ekonomiko handiagoak beharko genituzke. Etorkizunean, Ohorezko Mailan beharrezkoa baldin bada eta posible baldin bada, egoera aztertu beharko da. Jokalari amateur bati ezin zaio eskatu bizitza profesionala egin dezala, baina Ohorezko Mailan profesionalen bizitza egitea eskatzen da momentu honetan.
Jokalariak ez, baina mediku, fisio eta dena delakoak profesionalak izango dira, ezta?
Bai, noski. Entrenatzailea, fisioa nutrizionista… hori guztia ordaindu egin beharko da. Ekonomikoki, zenbateko handia da, baina hutsune horiek nola bete aztertu behar dugu.
Hori guztia lotuta dago dagoeneko?
Instituzioen laguntzarekin eta proiektuko bi klubekin aurrekontu osasuntsu bat egingo da. Ez dugu zorrik izango.
Jakina da Patrick Polidori izango dela entrenatzailea, baina gainerakoak zeintzuk dira?
Bi klubek ezaugarri horietako profesionalak dituzte, eta Donostia Rugbyko ikusi behar du nola erabili pertsona horiek. Entrenatzaileari dagokionez, taldea osatu beharko du, eta aztertu beharko da nola beteko dituen beharrak.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Gaiaz hitz egin dudan jende guztia liluratuta eta ilusioz dagoela. Hori ere beharrezkoa da. Donostian milaka pertsona igaro dira errugbitik, eta hainbat arrazoirengatik errugbitik aldendu dira. Zaleen masa guztia proiektura erakartzea lortzen baldin badugu, giro onaz gozatuko dugu Anoetako estadio txikian.


