Norberarekin bakean
'Nino' filma. Filma: Nino.
Zuzendaria: Pauline Loques.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Frantzia.
Lan egin eta bizirauteko beharrezkoa duen bizikleta lapurtuko dioten momentutik, Antonio Riccik Erroma goitik behera zeharkatuko du, hiru egunez, Ladri di biciclette (Vittorio De Sica, 1950) maisulanean. Urte batzuk geroago, mediku azterketen emaitzen zain, Cleok bi ordu emango ditu Parisko kaleetan batetik bestera, beldurrak jota, burua lasaitzeko asmotan; Cléo de 5 a 7 (1962) filmean erakutsiko digu Agnes Vardak emakumearen agonia. Orain, dagoeneko eztarriko minbizia detektatuta, tratamendua hasi bitarteko atzera kontua ezagutuko dugu Nino (2025) lan intimistan.
Kronika itxura izango du nazioartean saritua izan den Pauline Loques zinemagile frantziarraren opera prima-k, baina ez da desesperazioa gailenduko, ezta larritasun existentziala ere. Muturreko sentimenduak eta melodrama baztertuko ditu, lan delikatuaren mesedetan. Gaixotasunak dakarren shock egoerari aurre egiteko denbora hartu, arnastu, eta bizitzaren alde egiteko erabaki irmoa hartuko du Theodore Pellerinek samurtasunez eta oreka emozionalari eutsiz interpretatutako Ninok.
Ostiral batez diagnostikatutako gaitza protagonistaren barne mundua ordenatzeko aitzakia narratiboa izango da. Bada, Loques zuzendariak hiru norabide dramatiko ezarriko ditu, hiru zauri eta egonezin, asteleheneneko lehen kimioterapia saioa iritsi bitartean apurka-apurka azaltzen joango direnak: aitaren ausentzia eta haurtzaro galdua (iragana), lana eta lagunartea (oraina) eta ondorengotza, familia (etorkizuna).
Parisko kaleetan joango dira korapiloak askatzen. Izan ere, hiriak berak presentzia nabarmena eta esanguratsua du Nino filmean. Loquesek gaztea isolatu, bakartu eta haren barne haustura plano ezegonkor eta urduriekin erretratatuko badu ere, kameraren eta protagonistaren artean sartuko da, hain zuzen ere, bizitza. Ninoren irudi garbia jasotzea ekidingo digute tartean gurutzatuko diren hiritarrek, autoek, ate eta leihoek, pasabideek eta korridoreek, ispiluek. Baina ustezko distantzia eta zatiketa ez dira oztopo, baizik eta bizirik dagoenaren gogorarazpen.
Berri latz batek eta egoera zaurgarri batek berpiztu ditzakeen emozioak lehen lerrora dakartza Nino-k, planteamendu narratibo eta estetiko zintzoarekin. Istorio txiki bezain unibertsala da, sentikorra, gogorra, baina azkenerako, baikorra eta gizatiarra.

