Errugbiak elkartu zituen, orain dela lau hamarkada
Bera Bera kirol elkarteak 40 urte bete zituen pasa den ekainaren 20an. Direna erakutsiz ospatu zuten urteurrena, eta bazkari eder batekin ere bai. Errugbia izan zen 1986an ofizialki sortu zuten klubaren abiapuntua. Donostiako errugbia maila gorenera eraman zuten, baina beste kirol batzuei ere garrantzia emanez hazi ziren: saskibaloia, eskubaloia, karatea, boleibola eta surfa, besteak beste. Berrogei urte geroago, Bera Berak egitura sendoa du.
Bera Bera kirol elkartearen 40. urteurrena ospatzeko mosaikoa, Manteo kiroldegian.Bera Bera Urteurren borobilik ez dago, kontagailua geratzen bada. Bera Bera kirol elkartea duela 40 urte hasi zen errugbian jokatzen, eta jatorrira bueltatu dira borobila ez den baloia astinduz urteak zenbatzen jarraitzeko. 1986an kirol bakarraren bueltan sorturikoak, garapen eta eraldaketa etengabea izan du lau hamarkadotan. Pixkanaka, beste sei kirol diziplina barneratu zituzten: saskibaloia (1994), eskubaloia (1998), zikloturismoa (2000), karatea (2002), surfa (2004), kirol egokitua (2005), boleibola (2007) eta irristaketa (2012). Horiei esker hazi, harrobia landu eta bide emankorra egin dute.
Donostiako gainerako kirol klubekin konparatuta, Bera Berak funtzionamendu desberdina dauka. Izan ere, aipaturiko kirol atal bakoitzak zuzendaritza, aurrekontu eta erabakimen propioa dauka. Horrez gain, Groseko Manteo kiroldegia —kirol atal gehienen egoitza— eta Aieteko Puio zelaia kudeatzen dituzte. Txapelketak eta bestelako jarduerak ere antolatzen dituzte.
Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko elkartu gara Fernando Diez (Ibaeta, 1958) presidentearekin eta Igor Etxeberria (Gros, 1972) kudeatzailearekin. Biak errugbian aritu ziren Bera Berarekin, baina gero beste ardura batzuetan murgildu ziren. Diez 1987an izendatu zuten presidente, eta, beraz, datorren urtean beteko ditu 40 urte karguan. Aldiz, Etxeberriak 1999tik kudeatzen du kluba, Manteo kiroldegiko lehiaketa publikoa irabazi zutenetik. Biek ondo baino hobeto ezagutzen dute klubaren historia.
Bera Bera kirol elkartearen sorrera oso donostiarra izan zen. «Burgosen arkitektura teknikoko ikasketak egiten ari zirela, donostiar batzuek errugbian aritzeko aukera izan zuten. Donostiara itzultzean, errugbi talde bat osatzea erabaki zuten. Horrela, 1983an, Parte Zaharreko Aitzaki elkartean batu ginen marmitako bat jateko. Ikasle bakoitzak hainbat lagun gonbidatu zituen, eta hasierako taldea osatu genuen», gogoratu du Diezek.
Lehen entrenamendua ere oso presente dauka: «Batzuk ez ziren gai zelaiari korrika buelta bat emateko, pisuagatik eta tamainagatik. Parte Zaharrean poteoan ibiltzen ziren kuadrilla ezaguneko kideak ziren». Horrela ere, egunero entrenatzen hasi ziren, eta askok errugbia ezagutzen ez zuten arren, berehala hasi ziren kirola estimatzen eta hobetzen. «Lehen denboraldian, arerioei ezustekoak ematen hasi ginen», nabarmendu du presidenteak.
Izen propioa
Donostiako Atletikoren instalazioetan entrenatzen zuten. «Gaur egun, Aiete den arren, Bera Bera auzunean zeuden garai hartan. Han zegoen baserri batek eman zion izena auzuneari. Hasi ginenean, ezin genuen Donostiako Atletikoren izena erabili, eta baserriaren izena hartzea erabaki genuen», esan du presidenteak.
Club Atletico Bera Bera gisa hasi ziren jokatzen, Donostiako Atletikoren barneko talde independente gisa. «Gure kabuz lortzen genuen dirua, eta guk ordaintzen genituen gure gastuak. Dena dela, Donostiako Atletiko taldearen kontrola hartzen saiatu zen, eta horrek tentsio ugari sortu zituen. Ez ziguten zuzendaritzan sartzen uzten, eta, azkenean, kluba uzteko eskatu ziguten», azaldu du Diezek. Horrela, 1986ko ekainean, Bera Bera kirol elkartearen estatutuak egin zituzten.

Bera Bera errugbi taldeak zortzi koloreko kamiseta zuen lehiatzen hasi zenean, 1980eko hamarkadanBera Bera
Klub propioa osatuta, lagunarteko taldearekin jokatzen jarraitu zuten. Dena dela, Donostiako Atletikorekin izandako beste talka batek aldaketa nabarmena ekarri zuen. Ordurako, Diez Bera Berako presidentea zen: «Gure errugbi taldeko jokalari onenetako batzuek esan zidaten Donostiako Atletikorekin maila gorenean jokatu nahi zutela. Ondo iruditu zitzaidan, kalitatea zutelako. Nolanahi ere, 1990. urtean, Donostiako Atletikoko errugbi atalean liskar bat sortu zen, eta zuzendaritzarekin izan zuten desadostasunengatik 60-70 jokalari Bera Berara etorri ziren».
Horri esker, Bera Bera errugbi taldea asko hazi zen eta euskal ligan egotetik, 2003an ohorezko maila gorenera iritsi ziren. Urtebete geroago, Espainiako Kopa irabazi zuten, eta ohorezko mailan lehiatzen jarraitu zuten, 2011n jaitsi ziren arte. «Gure errugbi taldearen urrezko aroa izan zen», adierazi du Diezek.
Mugarriz mugarri
Errugbiarekin lortu zuten jauziari erantzuteko, lehen mugarria aipatu dute: Bera Beraren lehen egoitza. Atano III.a pilotalekuaren eta Gaska kiroldegiaren alboan dagoen udal eraikin batean jarri zituzten lehen bulegoak. «Hiriko aterpetxeak kudeatzeko eraikina zen, eta bulegoak Anoeta futbol estadio berrira lekualdatu zituztenean, udalak guri eskaini zigun», gogoratu du Etxeberriak. «Ordura arte, egoitza soziala Kote Olaizola presidenteordearen etxea zen», gehitu du Diezek, barrez.
Egoitza propioa izatea «oso lagungarria» izan zela dio Etxeberriak, «kluba egituratzeko eta sendotzeko». Beharrak beste batzuk ziren, errugbi taldearen bidaiak eta beste antolatzeko. «Dena dela, nire ustez garrantzitsuagoa izan zen Manteo kiroldegiko lehiaketa publikoa irabaztea. Orduan eman genuen benetako aurrerapausoa», adierazi du Diezek.
Manteo aipatuta, Kote Olaizola presidenteordea aipatu dute biek —2012an hil zen, Bera Beraren historian erabakigarria izan ondoren—. «Enpresaritza ikasketak bukatzen ari nintzen, eta Bera Beran errugbi taldean jokatzen nuen. 1990eko hamarkada bukaerako egun batean, Kote niregana etorri zen, eta Manteo kiroldegiko lehiaketara aurkezteko proposamena nik egitea eskatu zidan. Irabazten bagenuen, kudeatzailea ni izango nintzela esan zidan», azaldu du Etxeberriak.
Lehiaketa 1999an irabazi zuten, eta, ordutik, Bera Beraren egoitza da. Era berean, urte hartatik da Etxeberria klubaren kudeatzailea: «Behin Manteo hartuta, bulegoan jende gehiago hasi zen nirekin batera lanean. Gaur egun, sei bat pertsona gaude hemen, kirol ataletako arduradunekin batera. Argi genuen kiroldegia kudeatu behar genuela, baina elkartearen egitura hobetzeko ere aprobetxatu behar genuela. Kirol atal guztien bulegoak Manteon daude, eskubaloiarena izan ezik». Kiroldegiaren lagapena lau urtero berritzen dute udalarekin, eta gehienez 75 urte egon daitezke han. «Aurten, 26 urte beteko dira hartu genuenetik».
Kirolez kirol
Bera Bera errugbiari esker sortu bazen ere, zuzendaritzak beste hainbat kirol barneratzea erabaki zuen. Esaterako, egun kluba emakumezkoen eskubaloi taldeari esker da ezagunagoa. Halere, errugbiaren ondoren sortu zuten lehen kirol atala saskibaloia izan zen, Bera Berarentzat horren garrantzitsua izaten jarraitzen duena.
«1994an, Ibai ikastolako emakumezkoen saskibaloi talde baten entrenatzaile gisa nenbilen, eta klub bat sortzeko asmoa zuten. Orduan, Bera Berara etortzea proposatu nien. Batzarrean bozkatu genuen, eta tarte txikiarekin izan bazen ere, saskibaloi atala sortzearen aldeko boto gehiago egon ziren. Batzuek ez zuten nahi, errugbiak indarra galduko zuelakoan», azaldu du Diezek.
Eskubaloia, beraz, barneratu zuten hirugarren kirola izan zen. «1998an, batzarrak ontzat eman zuen Corteblanco Bidebieta emakumezkoen eskubaloi taldea Bera Beraren baitan integratzea. Bidebieta auzoan sorturiko taldea 1990ean igo zen maila gorenera, eta gure bidez jarraitu zuen ohorezko mailan. Agerikoa da noraino iritsi diren, horrenbeste titulu irabazita», nabarmendu du Etxeberriak.
Hiru kirol atalekin egonkortu zuten Bera Bera, eta gerora barneratu zituzten zikloturismoa, karatea, surfa, kirol egokitua, boleibola eta irristaketa. Diezek horietako bati jarri dio azpimarra: «Gurpildun aulkiko saskibaloia sustatzea proposatu ziguten, eta dagoeneko bi talde ditugu, horietako bat maila onean lehiatzen. Eskola ere martxan jarri dugu».
Gainera, kirol egokitua indartzeko asmoa dute, baina kirol atal bakoitzaren azpiatal gisa. «Karatean dagoeneko lantzen dugu, Jesus Murua karateko arduradunaren emazte Isabel Verdiniren bidez. Haren dantza taldeak Manteon egiten ditu entseguak. Bestalde, eskubaloian ere kirol egokitua lantzen hasteko asmoa dugu», adierazi du Etxeberriak.
Ospatzeko 40 arrazoi
Lau hamarkada geroago, Bera Berak bederatzi kirol atal ditu eta 1.400 kirolari baino gehiago —neskak %60 dira—. Taldeak, berriz, asko dira. «Errugbian zazpi ditugu, saskibaloian hamalau, eskubaloian bederatzi bat, boleibolean hamaika —nerabeentzako telesail bati esker hazkunde handiena izan duen atala da—, zikloturismoan 115 federatu —25. Donostia-Baiona-Donostia martxa egingo dugu datorren urtean—, karatean 80 bat dira, eta beste asko gainerako kiroletan», nabarmendu du Etxeberriak.
Klubaren egungo osasun ona ikusita, ospatzeko 40 arrazoi edo gehiago dituztela uste dute. Horrela, pasa den ekainaren 20an urteurreneko ospakizuna egin zuten. «Egun aparta izan zen, kluba sortu zen egun berean ospatu ahal izan genuelako. Larunbata zen, eta errugbi atalak antolaturiko garagardo azokarekin bat egin zuen», gogoratu du Etxeberriak. Denboraldi bukaerako data izanik, goizean kirol atal bakoitzak jarduerak egin zituen, Saguesen inguruan. Ondoren, bazkaria egin zuten Sagueseko garagardo azokaren karpan. 300 pertsona baino gehiago elkartu ziren.
Gainera, omenaldi sentitu bat egiteko aprobetxatu zuten. «Jesus Muruak 25 urte bete ditu karate saileko arduradun gisa, eta egindako lana aitortzeko, txapela bat jarri genion, eta Isabel Verdini emazteak dantza bat eskaini zion, ezusteko gisa», dio Etxeberriak. Aldiz, Diezek ezin izan zuen joan urteurreneko festara, baina bi egun lehenago beste ospakizun bat antolatu zuen: «Kluba sortu genuen garaiko 35 pertsona elkartu ginen. Urteurreneko kamiseta eta oroigarri bana eman genien, eta ederra izan zen harremana berreskuratzeko».
Kupela bat eta zortzi kolore
Aurrera begira jarri aurretik, Etxeberriak eta Diezek Bera Beraren ikurrei eta koloreei erreparatu nahi izan diete. Batez ere, klubak 40 urteotan izan duen bilakaeraren erakusle direlako armarriaren eta kamisetaren aldaketak. «Errugbi taldearekin jokatzen hasi ginenean, zortzi koloreko kamiseta bat genuen. Aldiz, saskibaloia barneratu genuenean, kamiseta gehienez bi kolorekoa izan zitekeela esan ziguten», azaldu du Diezek. Zortzi kolore horietatik bi hautatzeko erabakia Corteblanco dendako eta zuzendaritzako kidea zen Javier Blancoren esku utzi zutela dio Etxeberriak: «Buruhauste ugari genituen, baina berak bost minututan hartu zuen erabakia; urdina eta laranja aukeratu zituen».
Armarria, berriz, hiru aldiz aldatu du Bera Berak. «Originala eskuzapi batean marraztu zuen taldearen sortzaileetako batek. Ginena islatu zuen [barrez]. Kupela bat marraztu zuen, errugbi baloi baten forma emanez. Inguruan kokatu zituen ardo kopa bat, sarde eta labana bat, eta banda batekin zeharkatu zituen elementu guztiak. Bandak lelo hau zuen: Primus vulnerant, ultima necat (Lehenak mintzen du, azkenak hiltzen du). Haren zentzua ez dago azaldu beharrik, poteoan ibiltzen ginen kuadrilla izanik [barrez]», adierazi du Diezek.
Jatorrizko ikurra bi aldiz aldatu du klubak. Lehenik, ardoa kopatik kendu zuten, eta gero kopa bera ere. Gaur egun, soilik kupel itxurako errugbi baloia da mantendu dutena. Errugbi baloia bera ere kentzeko eskaerak jaso dituztela aitortu du Diezek: «Hori diote Bera Berak ez duelako soilik errugbiaren atala. Dena dela, gatozen lekutik gatoz, eta hori mantendu nahi izan dugu. Horri loturik, klubaren logo bat sortu genuen, ekitaldietarako eta beste jardueretarako, baina lehiaketetan jatorrizko armarriarekin jokatzen dugu».
Klubaren izena ere aldatu zutela nabarmendu du Etxeberriak: «Jatorrizkoa Club Atletico Bera Bera zen, baina batzar batean atletiko hitza kentzea adostu genuen, atletismo atalik ez dugulako. Gainera, jendeak Donostiako Atletikorekin nahasten gintuen».
Donostia Errugbia
Ekaina hasieran, Bera Beraren 40. urteurrena ospatu baino egun batzuk lehenago, Donostia Errugbia egitasmoa aurkeztu zuten udaletxean. Hirian kirol hori sustatzeko sortu du Donostiako Udalak, eta bi kluben arteko elkarlana izango da: Bera Bera eta Donostiako Atletiko. Beraz, jatorrira zein abiapuntura bueltatuko dira biak. «Donostia mailako hirugarren saiakera» izan dela argitu nahi izan dute Diezek eta Etxeberriak.
Indarrak batzeko asmoa, ordea, aspaldikoa da. «Bera Bera errugbi taldea ohorezko mailan zegoenean, Gipuzkoako errugbi klub guztiei proposatu genien bat egiteko. Hori duela hogei urte baino gehiago izan zen. Gure lizentzia denen esku jartzeko prest agertu ginen, baina Donostiako Atletikok ez zuen nahi izan. Orain, aurrera atera da, eta esanguratsua iruditu zait iraganean nahi ez zutenak orain pozik ikustea», aitortu du Diezek. Urtebeteko bileren emaitza izan dela dio Etxeberriak: «Donostiako Atletikok zuzendaritza berritu zuen iaz, eta badirudi horri esker adostu ahal izan dela proiektu bateratua. Horrela, kirol elkarte berri bat sortzea erabaki dugu».
Hain zuzen ere, Donostia Errugbia klub bateratu eta berri bat da. «Asmoa da bi klubak elkarte berri horrekin afiliatzea. Mutilen eta nesken senior talde bana osatuko da, selekzio baten modura. Hau da, klub bakoitzak bere harrobia zein egitura mantenduko ditu, eta klub bateratu horretara joango dira jokalari onenak», adierazi du Etxeberriak. Aurrera begira, bi kluben filosofia zein izan behar den gaineratu du Diezek: «Harrobiko ahalik eta jokalari gehien igotzea Donostia Errugbia taldera. Horretaz harro sentitu behar dugu».
Egitasmoa aurkeztuta, oraindik aldaketa batzuk egon daitezkeela uste du Etxeberriak, Gipuzkoako beste errugbi klub batzuek bat egiteko interesa agertu dutelako: «Egia esan, errugbiaren egoera ez da oso ona probintzian, eta joera izango da indarrak batzearena. Bestela, larri ibiliko gara, futbolak dena eramaten duelako, mutiletan ez ezik, baita nesketan ere».
Bera Bera izan zen ohorezko mailan aritu zen hiriko azken errugbi taldea, eta hori bera lortzea izango da Donostia Errugbia taldearen benetako helburua. «Donostia errugbiaren maila gorenera bueltatu behar da, egonkortzeko eta irauteko. Gainera, bertako jokalariekin. Horretarako, harrobiko lana hobetu behar dugu, egungo jokalari kopurua handitzeko. Udalak ere apustua egin du, baliabideak jarri ditu, eta horrela errazagoa da», zehaztu du Etxeberriak.
«Bitxia bada ere, 40 urteren ondoren, jatorrira bueltatu gara. Gu pozik gaude klub gisa, garenarekin. Urtetan, Bera Bera errugbiaren goi mailan mantentzea genuen helburu. Orain, ordea, harrobiko lanean jarri nahi dugu begirada, eta horrek lagunduko du Donostia Errugbia taldea indartzen. Bestalde, aitortu behar dugu, errugbitik eta klubetik aldendu ziren asko bueltatu direla, hau zelako nahi zutena. Baita guk ere», nabarmendu du Diezek.




