Uraren bidezko bi herriren arteko anaitasun besarkada
Pio XII.a plazako iturria 1966ko San Sebastian egunean jarri zuten martxan. Ura eta argia dituen monumentua hiru hamarkada lehenago herrian beren etxea topatu zuten kataluniarrek esker onez egindako oparia izan zen.
Kataluniarrek hiriari egindako oparia da Pio XII.a plazako iturria.FOTO MARI/KUTXATEKA Donostiak bereizgarri ugari ditu bere paisaian. Amara Berri auzoari begiratuta, zerrenda horretan huts egingo ez lukeenetako bat Pio XII.a plazako iturria da. 60 urte daramatza bertan, Antso Jakituna hiribidearen amaiera ikusgarri gisa. 1966ko urtarrilaren 20an inauguratu zuten, hiriaren egun handian, lotura historiko baten ikur gisa: donostiarren eta katalanen arteko adiskidetasunarena. Izan ere, 1936ko gerran 30.000 bat kataluniarrek beren etxea topatu zuten hemen.
Jasotako babesa eskertzeko, Amics de San Sebastian en Catalunya elkarteak iturria jartzea proposatu zuen eta horretarako dirua bildu. Emaileen artean zeuden Bartzelona, Tarragona, Lleida eta Gironako udalak, baita hainbat erakunde eta norbanako ere. Hura sortzeko enkargua, berriz, Carlos Buigas ingeniari bartzelonarrari egin zioten. «Uraren eta argiaren arkitektoak» elektromekanika, argiztatze kromatikoa eta uraren mugimendua uztartzen zituen eta halako iturri monumentaletan berezitua zegoen. Berea da, esaterako, Bartzelonako Montjuiceko Iturri Magiko ospetsua.
Ura eta argia
Garaiko egunkarietan jasotako kroniken arabera, urtarrilaren 19an hasi ziren San Sebastian egunarekin batera amaituko ziren ospakizun ekitaldiak. Gipuzkoako agintariek ohorezko harrera egin zieten Kataluniako ordezkariei eta zenbait oroigarri trukatu zituzten. Iturriaren ideia izan zuen elkarteko kideei, esaterako, San Sebastian santuaren tailu bat oparitu zien Jose Elosegi alkateak; bertan bizi ziren kataluniarren ordezkariei, berriz, karabela baten irudia.
La Vanguardia egunkariak jaso zuen arratsalde horren kontaketan dioenez, 19:00ak aldera, gotzainak bedeinkatu egin zuen monumentua. Jarraian, Bartzelona, Sabadell eta Sants auzoko neskatila banak Rosesko golkotik anforetan ekarritako Mediterraneoko ura bota zuten eta hiriko elkarteetako zenbait emakumek, berriz, Kantauri itsasokoa. Ondoren, «Artikutzako ura bota zuen iturriak, koloretako ortzadar batek Pio XII.a plaza argitzen zuen bitartean, Donostiako ereserkiaren doinupean».

Plazako berdegunean, Sebastia Badia i Cerda artistak egindako Sardana harrizko behe-erliebea dago. Bertan, bi gizonezko eta bi emakumezko ageri dira sardana bat dantzatzen. Haien moduan, euskal eta kataluniar jantzi tradizionalak soinean, bi bikotek adiskidetasun sardana bat dantzatu zuten.
«Ezkontza eraztuna»
Inaugurazio ofiziala, esan bezala, biharamunean egin zuten. Bertan parte hartu zuen Haur Danborradak. Horrexegatik berezia izan zen, Urbieta kalean buelta eman beharrean, Antso Jakituna hiribidean barrena egin zuelako; baina baita guztien buru, zaldi gainean zihoan jenerala Silvestre Manuel Gari de Sentmenat haur bartzelonarra izan zelako ere.
Kataluniako eta Gipuzkoako agintariak han elkartuta zeuden danborrada heldu zenean, baita iturria inguratzen zuen jendetza ere. Goizaldi dantza taldeak bi dantza egin zituen, eta ondoren, Donostiako Orfeoiak Goiko mendiyan eta Sardana de las Monjas abestu zituen. Gero, Bartzelonako alkate Jose Maria Porciolesek adierazpen «eder eta hunkigarriak» egin zituen bi lurraldeak lotzen dituen anaitasuna nabarmenduz. La Vanguardia-ko kronistaren hitzetan, ekitaldia euskaldunen eta katalanen arteko ezkontzaren zilarrezko ezteien ospakizuna zela baieztatu zuen, eta iturria, eraztuna. Lotura horretan sakondu zuen Elosegik kataluniarrek donostiarrekin bat eginda bizitzen jakin izan zutela zehaztuz, «Kantauriko urak eta Mare Nostrum mitikokoak iturri honetako txorrotetan sinbolikoki elkartu diren modu berean».
San Sebastian Martxa-rekin amaitu zuten inaugurazioa, aurreikusitakoa baino lehentxeago, euria hasi baitzuen. Ospakizunek, ordea, aurrera jarraitu zuten: bazkaria, pilota partidak, afaria Gran Kursaal kasinoan…

