Loiolako Erriberako auzo elkarteak «atsekabetuta» bukatu du politikariekin egindako bilera sorta
Udal gobernuaren "utzikeria" salatu dute, libre dauden auzoko lursailetan ekipamendu publikorik eraikitzea aurreikusi ez dutelako.
Loiolako Erriberako auzo elkartearen manifestazioa, pasa den apirilean.Loiolako Erriberako auzo elkartea Alderdi politikoekin eta erakundeekin bilera sorta bat egin du Loiolako Erriberako auzo elkarteak, auzoaren hirigintza egoerari buruz hitz egiteko. Bilera horien balantzea ohar baten bidez plazaratu du, eta “atsekabetuta” daudela adierazi dute: “Alternatibarik eza ez ezik, ordezkari publikoek hirigintza irtenbide bideragarririk ere ez dituzte guretzako”.
Alderdiak “sorbaldak altxatzera” eta “etxeak egin behar ditugu” esatera mugatu zirela diote: “Jarrera horrek agerian uzten du etxebizitzaren erabilera propagandistikoa, etorkizuneko etxebizitzen bizigarritasun baldintza errealak eta aurretik dauden sustapenen narriadura alde batera utzita. Horrek etxebizitzaren arazoarekiko benetako interesik eza eta epe laburreko hauteskunde etekinaren obsesio kezkagarria adierazten du”.
Auzo elkarteak gogorarazi du Loiolako Erribera dagoeneko “oso konprometitua” dagoela etxebizitza publikoekin, “etxebizitza sozialen %33 dituelako”. Hala ere, eremu horri etengabe eskatzen zaion “ahalegin neurrigabea” hiriko beste leku batzuetan ere ez islatzea deitoratu dute, batez ere eragile politikoek urte asko daramatzaten auzoetan, “lurzorua gutxieneko aprobetxamenduarekin kontsumitzen duten hotel eta txaleten hirigintza lehenesten”.
Udal gobernuarekin ere kritiko agertu dira: “Haien utzikeria ez eraginkorraren ondorioa bizilagunek ordainduko dute, eta beraien ekipamendu partzelak betiko konfiskatuko dizkiete. Inori ez litzaioke bururatuko beste edozein auzotan frontoi bat edo kultur etxe bat eraistea etxebizitza eraikitzeko. Hala ere, hemen onargarri ikusten dute zerbitzu publikorik ez izatea, bizilagunek sortu ez duten bizitegi arazo bat konpontzen gutxienez laguntzeko”.
“Jazarpen mediatikoa”
Politikariekin, erakundeekin eta udal gobernuarekin ez ezik, hedabide batzuekin ere haserre daude Loiolako Erriberako bizilagunak. Haien hitzetan, “jazarpen mediatikoa” jasaten ari direla salatu dute. Hedabideak beraien jarrera “kriminalizatzen eta desitxuratzen” saiatzen ari direla diote, “auzoek bidezko eskubidea duten oinarrizko zerbitzu publikoak eta hiri oreka defendatzeagatik”. Horren aurrean, nabarmendu dute ez dutela “atzerapausorik emango”, eta “borrokan” jarraituko dutela udalaren etxebizitzaren “kudeaketa txarrak” auzoaren etorkizuneko garapena eta bizi kalitatea “arriskuan” jar ez ditzan.

