Udaltzaingoaren bi lanpostutan euskararen ezagutza meritu izatera pasatu dela salatu du LABek
Udaltzain batzuk Parte Zaharreko saltoki batean.Donostiako Udala Donostiako Udaleko LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Udaltzaingoaren bi lanpostutan euskararen ezagutza ezinbestekoa izatetik meritu izatera pasatu da. Egonkortze prozesuan, euskararen ezagutza ezinbestekotzat jotzea errekurritu zuten bi lanpostu horietarako, eta epaitegiak prozesua bertan behera utzi zuen. Udalak ere “atzera” egin duela salatu du LABek.
Ondorioz, Udaltzaingoko bi plaza horiek salbuespenezko lehiaketaren bidez beteko ditu udalak, “euskararen ezinbesteko ezagutza kenduz eta merezimendu gisa baloratzeko bidea zabalduz”. LABen arabera, udalak “amore” eman du oldarraldiaren aurrean: “Udalak epaia betetzeko urratsa egin du, inolako salaketarik egin gabe”.
Epaitegietatik etorritako azken erabaki horrek Donostian herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko aukera “zapuzten” duela dio LABek, eta “udalak inposizio hori publikoki eta ozenki salatu beharko luke eta harturiko erabakia lege aginduz soilik betetzen duela adierazi”. Era berean, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bideak jorratzeko “konpromisoari eusten diola” azpimarratzeko eskatu diote udalari.

