Auditz Akular ezagutzeko ibilaldia antolatu dute hainbat eragilek
Auditz Akularrera egindako bisita baten artxiboko irudia.Altza XXI Herri Ekimena Altzako Auditz Akular eremua “ezagutzeko” ibilaldia antolatu dute biharko (hilak 8); 17:30ean abiatuko dira, Tomasene Kultur Etxetik, eta deialdi irekia egin dute, edonork parte hartu ahal izan dezan. Hainbat eragilek antolatu dute egitasmoa: Altza XXI Herri Ekimenak, Kinka Autonomoen Sareak, Txerrimuño gaztetxeak, Urumeako Mendiak Bizirik plataformak, Planeta eragileak eta Baserritar Bilguneak.
“Lurraren artifizializazio adibide latza Altzan planteatzen dutena”, salatu dute. Izan ere, berdegune handi horretan 3.000tik gora etxebizitza eraiki nahi ditu Donostiako Udalak, aspalditik. “Proiektu zentzugabe eta txikitzaile bat gehiago” dela deitoratu dute ibilaldiaren antolatzaileek. “Eragile eta norbanakoen artean berdegune eta balio agroekologiko handiko lurren defentsa antolatzeko beharra gero eta argiago daukagu”; gaineratu dute.


