Pellegrino Matarazzo Realeko entrenatzaileak 2028ra arte luzatu du kontratua
Erik Bretos, Pellegrino Matarazzo eta Jokin Aperribai, Zubietako bulegoetan.Reala Realak jakinarazi duenez, Pellegrino Matarazzo entrenatzailearekin adostu dute kontratua urtebete luzatzea. Hau da, 2027-2028ko denboraldi bukaera arte. Izan ere, 2027ko ekainera arteko kontratua zuen estatubatuarrak.
Bi aldeek nahi zutena bete da. Batetik, Erik Bretos kirol zuzendariak eta Jokin Aperribai presidenteak denbora zeramaten Matarazzoren kontratua luzatzeko asmoarekin. Batez ere, pasa den sasoiko lorpenengatik. Espainiako Kopa irabaztearekin batera, Reala eta hainbat jokalari biziberritu zituen entrenatzaileak.
Matarazzo pozik agertu da orain arte egindako lanarekin, eta etorkizunari ilusioz begiratzen diola nabarmendu du: “Oso pozik nago orain arte egindako lanarekin, eta, batez ere, etortzeke dagoen guztiari begira ilusio handia dut. Oso lotura berezia sortu dut Gipuzkoako jendearekin, jokalariekin eta klubeko langileekin. Antzeko balioak partekatzen ditugu, eta horrek dena errazten du”.
Denboraldi berriari eta taldearen asmoei buruz galdetuta, estatubatuarrak argi hitz egin du: “Ez dut inolako arazorik exijentziarekin edo listoia altua izatearekin. Zintzo esanda, presiopean oso ondo lehiatzen dugu. Aurten izango ditugun lehiaketek ilusio handia pizten digute, eta egunero geure buruari ahalik eta gehien eskatuko diogu helbururik handienak lortzeko”.
Aperribai presidenteak, berriz, etorkizunari begira baikor dagoela aitortu du. “Rinok bere onena eman zuen lehen unetik, eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko itxaropen handiak ditugu. Astelehenetik ostiralera onenak izatea izango da Reala klub handi bihurtzen jarraitzeko giltza, eta bide horretan segitu behar dugu”, adierazi du.
Bretosek ere presidentearen antzera hitz egin du: “Oso pozik gaude Rinoren kontratua berritu ahal izan dugulako. Taldeari behar zuen norabidea eman zion, eta ilusio handia egiten digu harekin lanean jarraitu, elkarrekin hobetzen segitu eta taldea garatzen jarraitzeak. Erronka handiak eta erakargarriak ditugu aurretik”.
Taldeari dagokionez, pasa den asteburuan hasi zuten denboraldiaurrea, eta datozen egun zein asteetan argituko dira joan-etorriak.

