Tango doinuek Donostia jantziko dute, AGATAren 30. urteurrenean
Tango topaketa bat, Bulebarrean.Irutxuloko Hitza Donostia berriro bihurtuko da tangozaleen topaleku, hilaren 9tik 12ra bitartean. Bere 30. urteurrena ospatzeko, Argentinar Tangoaren Gipuzkoako Lagunen Elkarteak (AGATA) 200 dantzari baino gehiago bilduko ditu eta 30 ordutik gorako jarduerak eskainiko ditu, hiriko hainbat gunetan; agertoki nagusia Viktoria Eugenia Antzokiko Club Aretoa izango den arren, jarduerak Udaleko Batzar Aretora eta Bulebarrera iritsiko dira, besteak beste.
Erakunde harrera eta musika
Ekitaldiari hasiera emateko, inaugurazio ofiziala hilaren 9an (osteguna) izango da, udaletxean. Herritarrei irekitako ekitaldiak erakunde harrera bat jasoko du, Olatz Yarza lehen alkateordearen eskutik, eta, ondoren, Arkaitz Mendoza pianista donostiarrak hainbat tango joko ditu topaketa zabaltzeko; haien artean, Pedro Ugaldek konposatutako Parte Vieja Donostiarra habaneraren dantzarako bertsio bat interpretatuko du.
Milonga eta doako tailerrak
Une jendetsuenetako bat larunbat goizean (hilak 11) biziko da Bulebarreko kioskoan, jende aire zabaleko milonga tradizionalarekin. Egun horretan bertan, Viktoria Eugenia Antzokian, doako hasiera tailer bat eskainiko du Marisa Merinok, tangoan interesa duten guztientzat (aldez aurretik AGATAren webgunean izena emanda). Esperientzia dutenek ere izango dute euren txokoa, Bakartxo Arabaolazak teknika tailer bat eskainiko baitu haientzat.
Egitarau osoa ikusteko eta izen-emateak egiteko, elkarteak www.agatatango.es webgunea jarri du herritarren eskura.

