Aitor Zubizarretak saskibaloia utzi eta Askatuak Gipuzkoaren zuzendaritza teknikoan ariko da
Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalaria Gipuzkoa Basketen partida batean, pasa den sasoian.Askatuak Gipuzkoa Aitor Zubizarretak jokalari profesional gisa izan duen ibilbideari amaiera ematea erabaki du, eta hemendik aurrera Askatuak Gipuzkoako lehen taldeko zuzendaritza teknikoaren parte izango da. Erabaki pertsonala izan da, klubak erabat errespetatu duena. Datorren denboraldirako kontratua bazuen ere, saskibaloia uztea erabaki du.
Horrela, azpeitiarrak etapa garrantzitsu bati amaiera emango dio. 2021-2022ko denboraldian iritsi zen klubera, eta ordutik hona 149 partida jokatu ditu Donostiako taldearekin. Bost denboraldietatik, lautan igoera fasea jokatu du, eta lauko finala jokatu zuen taldeko kide ere izan da.
Klubak nabarmendu duenez, funtsezko pieza izan da bai kantxan, bai kantxatik kanpo: “Taldeko kapitaina, taldekideentzat erreferentea eta konpromisoaren, jarreraren eta profesionaltasunaren eredu izan da. Urte hauetan, Askatuak Gipuzkoak ordezkatu nahi dituen balioak bikain islatu ditu”.
Kirol pista utzi eta klubean beste etapa bati ekitea erabaki du Zubizarretak. “Ziur dago kluba hazten ari dela, gauzak norabide egokian egiten ari direla eta etorkizun oparoa dagoela aurretik. Proiektuarekiko duen konfiantza izan da lehen taldearen egunerokoan lotuta jarraitzeko giltzarrietako bat”, esan du klubak.
Hemendik aurrera, Zubizarreta lehen taldeko lantaldean arituko da Sergio Garcia lehen entrenatzailearekin eta Yon Gonzalez bigarren entrenatzailearekin batera, “bere esperientzia eta ezagutza ardura berri batetik taldearen zerbitzura jarriz”.
Klubak “bihotzez eskertu” nahi dio Zubizarretari jokalari gisa eman duen guztia: “bere konpromisoa, izaera, eredugarritasuna eta ezkutu hau defendatzeko erakutsi duen modua. Hau ez da agur bat; elkarrekin hasiko dugun etapa berri baten hasiera baizik”.

