Bera Bera azaroan hasiko da Europako Liga lehiatzen
Bera Beraren Europako Ligako partida bat.Bera Bera Europako Ligan izena ematen duten taldeen zerrenda argitaratu du Europako Eskubaloi Federazioak (EHF). Guztira, 44 dira eta horien artean dago Donostiako Bera Bera eskubaloi taldea, hirugarren kanporaketan kokatuta. Azaroan hasiko dira lehiatzen, eta EHFk urriaren 13an egingo duen zozketan jakingo dute zein izango den lehen aurkaria.
Federazioak kluben ranking irizpide berria erabili du lehiaketa egituratzeko. Horrela, lau talde multzoen fasean kokatu dituzte: Dijon —egungo txapelduna—, Thüringer HC, Ikas Handball eta DVSC Skyline.
Hirugarren kanporaketan, berriz, Bera Berarekin batera daude Malaga, HC Dunarea Braila, Bensheim Flames, Lokomotiva Zagreb, KGHM MKS Zaglebie Lubin, Hazena Kynzvart eta MOL Esztergom. Hain zuzen ere, horiek denak saihestuko ditu, baina aurkari zailik ez zaio faltako. Horietako batzuk zerrendatu ditu klubak: Saint Amand, Nice Cote d ‘Azur, Norvegiako Molde, Metzingen, Skara, Boden, Banik Most, Crvena Zvezda, Naisa Nis, Bjelovar, Zrinski Cakovez, Brühl eta Amicitia Zürich.
Horiekin batera, bigarren kanporaketa jokatuko dutenak daude. Hilaren 14an egingo da zozketa, eta kalitate handiko taldeak daude: Viborg, Chambray, Larvik, Tertnes Bergen, Ramnicu Valcea, Corona Brasov, Lublin, Sävehof, Oldenburg, Atletico Guardes eta Kanaria Handia.

