Gazte bat larri dago telefono mugikorra berreskuratzeko Urumeara salto egin ondoren
Urumea ibaia. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 28 urteko gazte bat larri ospitaleratu dute asteazken goizaldean Urumea ibaitik erreskatatu ostean. Ertzaintzak 00:45 aldera jaso du abisua, Urumea ibaian gertakari baten berri emanez. Antza denez, gazte batek salto egin du uretara Salamanca pasealekuko zubi batetik, ibaira eroritako telefono mugikor bat berreskuratzeko asmoz.
Hasiera batean, bertaratutako larrialdi zerbitzuek flotagailu bat bota diote, baina korronteak arrastan eramaten zuela eta hondoratu egiten zela ikusita, uretan sartu dira Ertzaintzako bi agente eta Udaltzaingoko agente bat ere, hari laguntzeko. Uretatik ateratzea lortu dutenean, erreskatatzaileetako batek bihotz-biriketako suspertze maniobrak egin behar izan dizkio, ur asko irentsi baitu gazteak.
Ospitalera eraman dute anbulantzian, larri, eta, orain, Donostia ospitaleko ZIUn dago intubatuta eta koman.

