LUP, Geminiss, Maruxak, Maleza eta beste asko, 10. Glad is the Day jaialdian
Glad is the Day jaialdia, Gladys Enean.Glad is the Day Donostia Kulturaren kultur etxeek Glad is the Day jaialdiaren hamargarren edizioa antolatu dute. Ekitaldia abuztuaren 2an izango da Gladys Enea parkean. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskik koordinatutako musika maratoi honek Keler garagardoaren babesa eta Kutxa Fundazioaren laguntza izango du aurten ere.
2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortutako ekimena erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Donostiako udan. Glad is the Day jaialdiak “izaera familiarra, abangoardiakoa, integratzailea eta berritzailea” uztartzen ditu, antolatzaileen hitzetan, eta itsasoaren eta mendiaren artean kokatutako Donostiako hiri parkeen sarea komunitatearen topagune gisa aldarrikatzen du.
Etenik gabeko bederatzi ordu
Jaialdia 12:00etan hasi eta 21:00etan amaituko da, eta sarrera doakoa izango da. Guztira hamabost banda eta artistek hartuko dute parte, musika generoen gainetik aniztasuna eta unibertso sortzaile propioak ardatz dituen egitarauan. Musikaz gain, bertaratzen direnek kontzertuak, DJ saioak, piknikak, haurrentzako jarduerak eta azoka bat izango dituzte aukeran.
Horrez gain, azoka ere egongo da, urtero bezala; Dabadabaren bidez kudeatuko da eta 65 postu izango ditu, hala nola bigarren eskuko dendak edo eskulangitzak.
Ingurumenarekiko konpromisoa
Parkea jaialdiaren protagonista bihurtzeko asmoz, antolakuntzak konpromisoa hartu du hurrengo egunean lorategia baldintza egokietan irekitzeko. Eragina txikiagotzeko neurrien artean daude, hala: egiturak muntatzea ezinbestekora mugatzea, edaria eta janaria ontzi berrerabilgarrietan edo birziklagarrietan saltzea, eta paperontziak eta edukiontziak egunean zehar eten gabe aldatzea eta jasotzea, hondakinak pilatu ez daitezen.
Horren harira, ezin daiteke ahaztu, azken hilabete hauetan Parkea Bizirik eta Eguzki elkarte ekologistek jaialdiaren aurka aurkeztu dituzten eskaerak, eta udal gobernuko eta antolakuntzako ordezkariekin izan dituzten bilerak.
Programa eta agertokiak
Jaialdiak bi gune nagusi izango ditu, musika eskaintza banatzeko: agertoki nagusia eta hondamen sonikoa. Agertoki nagusian, hala, zazpi taldek osatuko dute askotariko proposamenak biltzen dituen kartela:
- LUP: Groove, jazz, funk, soul eta R&B talde donostiar gaztea.
- GEMINISS: Olaia Bloomen bakarkako proiektu rock eta pop alternatiboa.
- Ruïnosa y las Strippers de Rahola: Draga, trabestismoa eta punk-rock energia uztartzen dituen Bartzelonako talde kuirra.
- Perfecto Miserable: Castellón 2021ean sortutako noise pop eta rock alternatiboko taldea.
- Sonido Gallo Negro: Mexiko Hiriko taldea, musika tropikal psikodelikoa tresna vintageekin berrinterpretatzen duena, Dr. Aldereteren ikus-entzunezkoekin batera.
- The Safety Pins: Bilboko punk rock talde beteranoa.
- Maruxak: Iruñeko kolektibo trabestia, euskal folklorea ikuspegi kuir eta aldarrikatzaile batetik lantzen duena.
Hondamen sonikoak, berriz, club kulturaren eta elektronika garaikideko zortzi emanaldi eskainiko ditu (technoa, hip hopa, trapa, latin club, bassa eta rave punka):
- Adur: Euskal rave-punka, elektronika eta folklorea uztartzen dituen Bilboko bikotea.
- Maleza – Siano B2B Melina: Musika urbanoa eta club kultura ikuspegi ireki eta komunitario batetik lantzen duen Donostiako egitasmoa.
- Telmo Trenor: Euskal eszena elektronikoko izen nabarmena.
- Space Surimi: Jerez de la Fronterako rap eta elektronika bikotea. Interneteko iruditeria, electroa, technoa, G-funka eta Miami bassa nahasten dituzte.
- Somadamantina: Espainiako trap eszenako artista aitzindari madrildarra. Elektronika, trapa eta underground soinu intimoak lantzen ditu.
- Baetchu: Granadan bizi den DJ euskaldun eta eklektikoa (global bassa, breakak, reggaetoia).
- Amaia Yaniz: Europar techno klasikoan oinarritutako DJa, melodia, BPM altuak eta atmosfera psikodelikoak uztartzen dituena.
- Lechuga Zafiro: Pablo de Vargas artista uruguaitarra. Latinoamerikako erritmoak (candombea, kuduroa) eta musika esperimentala lotzen ditu.

