Donostiak hainbat ordezkari izango ditu AEBetako Eslalom eta Kayak Kroseko Munduko Txapelketan
Maialen Chourraut, Pau Etxaniz, Miren Lazkano, Leire Goñi eta Alex Segura piraguistak Oklahoman izango dira.
Maialen Chourraut iazko Australiako munduko txapelketan. Uztailaren 20tik 25era jokatuko da Eslalom eta Kayak Kroseko Munduko Txapelketa Oklahoman (AEB), Riversport Rapids Whitewater Center ur bizien kanalean. 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoen atarikoa baino gehiago izango da. Batetik, Oklahomako kanala izango delako jokoetako egoitzetako bat, eta, bestetik, munduko txapelketa baliagarria izango delako jokoetarako sailkapena eskuratzeko.
Donostiak ordezkari ugari izango ditu lehian. Maialen Chourraut Donostia Atletikoko piraguista lasartearra izango da espedizio burua, eta harekin batera, lau donostiar ariko dira lehian Oklahoman: Pau Etxaniz, Miren Lazkano, Leire Goñi eta Alex Segura.
Chourraut da euskal piraguismoaren eta nazioarteko piraguismoaren erreferente absolutua, eta munduko txapelketan onenekin aritzea izango du helburu. Iazko Australiako munduko txapelketan laugarren eta bosgarren postuak lortu zituen bere bi modalitateetan. Aurten, gainera jokaturiko Munduko Kopa guztien finalera iritsi da. Gainera, gogoratu behar da hiru domina olinpiko dituela.
Etxanizek ere badu domina olinpiko bat, brontzezkoa, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetako K1 modalitatean eskuratu zuena. Lazkano ere palista olinpikoa da, eta maila onean dabiltzan Goñi eta Segura gazteak ere zeresana ematen ahaleginduko dira, 23 urtez azpiko txapelketetan dominak irabazi ondoren.
Banakako K1 modalitatean ariko dira Chourraut, Etxaniz eta Goñi. Taldekakoan, berriz, Chourraut eta Goñi —Laia Sorribesekin—, eta Etxaniz —David Llorente eta Miquel Traverekin—. Banakako C1 modalitatean, Lazkano eta Segura lehiatuko dira. Aldiz, taldekakoan, Lazkano –Klara Olazabal eta Nuria Vilarrublarekin—, eta Segura —Oier Diaz eta Miquel Traverekin—. Kayak kros modalitateari dagokionez, Chourraut, Lazkano eta Etxaniz ariko dira.

