Lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko prozesua aztertzen ari da udala
Denbora luzez itxita daraman Egiako saltoki bat.Inaxio Esnaola Aranzadi Donostiako etxebizitza faltari aurre egiteko, udal gobernua ordenantza bat lantzen ari da bizitoki kopurua handitzeko. Tamaina handiko etxebizitzak zatikatzea, goiko solairuetan dauden jarduera ekonomikoak kale mailako lokaletara pasatzea eta lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea ahalbidetuko luke ordenantza berriak. Urte bukaerarako prest egotea aurreikusten du udalak.
Hain zuzen ere, barne lanketa bat egiten ari dira hiriko etxebizitza eta lokal kopuruak zein motak zenbatzeko eta non dauden jakiteko. “Hiri eraikiari begiratu behar diogu. Ezin gara soilik etxebizitza garapen berriekin konformatu”, adierazi du Jon Insausti alkateak.
Aipatu moduan, hiru dira udal ordenantzak ahalbidetuko dituen izapideak: tamaina handiko etxebizitzak zatitzea —100 eta 120 metro koadrokoak edo gehiagokoak—, goiko solairuetan dauden jarduera ekonomikoak kale mailako lokaletara jaisteko laguntzak zein pizgarri fiskalak ezartzea, eta lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea. Hirugarren aukerari dagokionez, Gasteizko Udalak ordenantza bat onartu du lokalak etxebizitzak izan daitezen. Donostian halako ordenantza bat onartzea posible ikusten du alkateak, hiri antolamenduko plan orokorra berrikusi arte itxaron gabe.
Eraikitako hiria
Gipuzkoako Hiri Katastroaren datuen arabera, Donostian 8.200 etxebizitza baino gehiago daude, 130 metro koadro baino gehiagokoak. Irizpidea 100 metro koadroko etxeetara zabalduz gero, hirian 18.000 etxebizitza daude. Dena dela, horrek ez du esan nahi guztiek bereizketa irizpideak betetzen dituztenik hainbat arrazoirengatik. Erdialdean, Amara Berrin, Grosen, Aieten eta Antiguan daude etxebizitza gehien.
Lokalei dagokienez, hirian 35 metro koadro baino gehiagoko 5.494 daude beheko solairuetan. Kopuru horretatik kanpo utzi behar dira industrialdeetan eta merkataritza guneetan kokaturiko lokalak.
Etxebizitza turistikoak albo batera utzita, Donostian 35 metro koadro baino gehiago dituzten 660 negozio daude etxebizitzetako goiko solairuetan. 270 dira lehen solairutik gora daudenak, eta gehienak Erdialdean, Grosen eta Antiguan daude.

