Amara Berriko karmengo jaiek hiru hamarkadako parrandari eutsiko diote
Amara Berriko karmenek eta auzo elkarteak 30 urte betetzen dituzte aurten; urteurren borobila, ordea, urtero bezala ospatuko dute: Karmen eguneko tradizioak, danborrada jendetsua eta auto klasikoen arteko barre algarak ez dira faltako, auzoko kaleetan barrena.
Arrain saltzaileei omenaldia, iazko Amara Berriko karmenetan.ABAE Donostiako auzo populatuenak badaki zer den festaz gozatzea, baina baita jai horiek aurrera ateratzeko lan egitea ere. Aurten, Amara Berriko Karmengo jaiek eta auzo elkarteak 30 urte betetzen dituzte. Egitarau osoa hemen daukazue.
Urteurren borobila eta berezia izateko asmoa bazuten ere, burokraziak eta denbora faltak plan handienak zapuztu dizkiete. Hala ere, Nerea Albisu auzo elkarteko kideak argi utzi du: «Guk oso ondo pasatzen dugu eta, ezer berezirik prestatu ez dugun arren, une jakin batzuetan xanpaina aterako dugu, ziur!».
Aire freskoa eta gaztea
Hiru hamarkadako bidearen ondoren, egungo taldetxoak azken aldiz hartuko du jaien prestakuntza. Albisuk boluntariotzaren gaur egungo krisia azpimarratu du: jendea prest dago egunean bertan «puntualki» laguntzeko, baina baimenak eskatzea, udaleko paperak mugitzea eta hilabeteetako konpromisoa hartzea zailagoa egiten zaie, bakoitzak bere lana eta istorioak dituelako.
Hala ere, etorkizuna ez dago kolokan. Auzoko gazte talde batekin hizketan ari dira jaiekin jarrai dezaten. Egungo antolatzaileak, baina, ez dira guztiz joango; albo batera pasatuko dira babesa eta esperientzia eskaintzeko. «Urtetik urtera, gauzak hobeak izan behar dira, eta uste dut behar dela aire fresko eta gazte pixka bat. Kalea gazteena da», azaldu du Albisuk, itxaropentsu.
Arrain saltzaileei omenaldia
Jaien barruan jarduera kuttun eta xume bat badago, hori uztailaren 16ko Karmen egunekoa da. Goizean goiz, trikitilariekin batera, antolatzaileak auzoko arrandegi guztietatik pasatzen dira. Pandemia ostean berreskuratutako tradizio honetan, lore sorta txiki bat oparitzen diete arrandegietako dendariei, urte osoan jasan beharreko «eskeak» eskertzeko eta haien lana aitortzeko.
Egitarau herrikoia
Aurten ere, Amara Berriko egitarauak auzotarrak elkartzeko ohiko hitzorduak mantenduko ditu: ostirala (hilak 17), herri dantzen eta sardina jatearen eguna da; larunbatean iritsiko da, ordea, jende gehien biltzen duen jarduera: danborrada. Jarduerarik maitatuenetako bat da azken hori, adin guztietako jende andana biltzen baita, danborrak eta upelak astintzera. Larunbatean, gainera, aspaldiko jarduera bat berreskuratuko dute: zezensuzkoa.
Jendetsuenetarikoa bai, baina umoretsuena dena ziur edukita, auto klasikoen kontzentrazioa izaten da, urtero, eta hilaren 19an izango da aurten. Auzotik buelta bat emateko auto dotore asko biltzen dira, eta auzokideek aukera hori aprobetxatzen dute pamelak, lumazko lepokoak eta takoiak jantzi eta poteo elegante bati ekiteko. «Autoetan sartzen gara eta barre algara batzuk egiteko aitzakia bikaina izaten da», dio Albisuk, barrez.
Amara Berrik, beraz, badaki bere izaera herrikoiari eusten. Jaiak auzoaren bizitzaren parte dira eta, Albisuk dioen moduan: «Euskaldunok festarik gabe… ez dakigu!». Aurten ere, umorea, jai giroa —herrikoia den hori—, musika eta xanpaina ez dira faltako.

