Azkar, berandu zabiltzala
Klik-klak.Joseba Parron San Sebastian Lana, lana eta lana. Hau orain egin, hori biharko, hura atzorako. Autobusa galtzeak dakarren estutasuna. Geltokian itxaroten, hartu ezazu arnasa. Lanera berandu iritsi, berandu atera beharko zara, baita ere. Hamaika gauza egiteko, eta horien ostean beste hamaika. Lanetik irten, erosketak egin. Etxean. Esnea ahaztu duzu, denborarik baduzu berriro supermerkatura joateko? Behar, bihar gosaldu nahi baduzu. Arratsaldeko bileraren aurretik pasatzeko astia duzu. Bizikletaz joateko asmoa zenuen, sei tetrabrikeko kaxa dago deskontuan, ordea. Autoz ba. Joan bilerara.
Pentsatu, pentsatu eta pentsatu. Bilera amaitu. Esne bila zoaz supermerkatura. Bertan, xaboia ere deskontuan dagoenaz gogoratzen zara. Hartu hau, hori eta hura. Erosketa espero baino handiagoa egin duzu. Autoa duzulako. Erosi, sartu dena autoan, joan etxera, igo erosketak. Arratsaldeko zazpiak, esnatu zarenetik hamabi ordu igaro dira. Prestatu motxila. Behar duzun dena al dago? Etxetik irten, berriro ere berandu zabiltzala.
Ibili, ibili eta ibili. Hondartzan, lagunak betiko lekuan daude, bainujantzia jarri eta zoaz uretara, egun luzea eduki duzu eta.

