Bikote bat atxilotu dute adineko gizon bati «besarkada solidarioaren» bidez bitxiak lapurtzeagatik
Miramar Jauregia. Ertzaintzak bikote bat atxilotu du Miramar jauregiko lorategien inguruan, 83 urteko gizon bati urrezko kate bat eta eraztun bat ostu ostean. Bi atxilotuak epailearen aurrera eramango dituzte datozen orduetan.
Lapurreta asteazken eguerdian gertatu zen. Biktimari hurbildu eta mugikorrarekin argazki bat egiteko eskatu zion bikoteak gizonari; behin argazkia eginda, berarekin selfie bat ateratzea proposatu zioten; une horretan, sorbaldetatik heldu eta besarkatu egin zuten. Gizona deseroso sentitu zen eta, gutxira, lepoan zituen urrezko bitxiak falta zirela konturatu zen.
Inguruan zeuden oinezko batzuk biktimari laguntzera joan ziren eta Ertzaintzari deitu zioten. Patruilak iritsi zirenerako, herritarrek ustezko lapurretako bat bertan harrapatuta zeukaten, eta atxilotu egin zuten. Handik gutxira, beste patruila batek bigarren susmagarria atxilotu zuen, inguruko kale batean.
Mota honetako delituak udan areagotu ohi direnez —bitxiak ageriagoan daudelako—, Ertzaintzak gertaerak berehala salatzeko eskatu du, delitugileak herriz herri mugitu ohi direnez, poliziei haiek lokalizatzeko lana errazteko.

