Ongizatearen plaza jarriko dute Saguesen
Saguesen izango da Donostiako Ongizatearen Plaza.Gipuzkoako Aldundia Uztailaren 15ean eta 16an, Ongizatearen Plaza egitasmoa Donostiara ekarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Saguesen jarriko dute eta bi egunez hainbat jarduera egingo dituzte, pertsonen ongizate integralari buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sortzeko helburuarekin.
Hainbat gai jorratuko dituzte bi egunetan, hala nola ongizatearen zientzia, elikadura osasungarria, dolu prozesuak eta tabuak, emakumeen zikloa edo pantailen erabilera, hitzaldien, tailer praktikoen, mahai inguruen eta solasaldien bidez.
Gipuzkoako beste sei udalerrietan egin ondoren, Donostiaren txanda iritsi dela nabarmendu du aldundian. Horrela, Saguesen goizez eta arratsaldez egingo dituzten jardueretan parte hartzera gonbidatu dituzte donostiarrak.
Egitarauari dagokionez, hilaren 15ean, asteazkenean, irekiko dute Ongizatearen Plaza, Adinberriren eskutik, 10:00etan. Lehenik, ariketa fisikoko saio ireki bat egingo dute, Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak gidatuta, eta, ondoren, estimulazio kognitiboko tailer bat Naia Rosekin eta mindfulness terapia Raquel Rodriguezekin. Ondoren, tailer bat egingo dute teknologia berriak pertsona guztien eskura jartzeko, Bizipoz kooperatibaren eskutik. Sare sozialak eta tresna digitalak egunero modu errazean probatzen, zalantzak argitzen eta erabiltzen ikasteko gunea izango da. Jarduera hau 11:30etik 13:00etara egingo dute,
Arratsaldean, 17:00etatik 18:30era, Gurutz Linazasoro neurologoak ongizatea zer den eta zein faktorek baldintzatzen duten azalduko du, ongizatearen zientzian sakonduz. Genetikaren, garunaren eta ingurunearen eragina aztertuko du, eta ongizatea hainbat faktoreren emaitza dela azpimarratuko du. Halaber, nabarmenduko da diruak ez duela zoriontasuna ematen, haurtzaroak helduaroko ongizatean arrastoa uzten duela eta pertsonen arteko harremanak funtsezkoak direla.
Lehen eguneko programazioari amaiera emateko, 18:30etatik 20:00etara, heriotza, tabuak eta dolu prozesuak landuko dituzte mahai inguru batean. Dolu prozesu desberdinak landuko dira, suizidioan eta seme-alaben galeran arreta berezia jarriz. Prozesu horiek laguntzen dituzten eta doluaren eta heriotzaren esparruan lan egiten duten profesionalek parte hartuko dute, Bidegin eta Matia Fundaziotik datozenek, beren bizipenak lehen pertsonan partekatuko dituzten testigantzekin batera.
Hilaren 16an, ostegunean, 16, 10:00etatik 11:30era, elikadura osasungarriari buruzko hitzaldi ireki bat egingo dute Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin eta Elikaeneako Ana Otegirekin. Ondoren, Ados antzokiak ekoitzitako hiru mikrodokumental proiektatuko dituzte, nahi gabeko bakardadeari buruz hausnartzeko, eta herritarren benetako kasuak ere jorratuko dira, arlo horretan lan egiten duten proiektu eta elkarteekin batera, hala nola Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, Gurutze Gorria, Nagusilan, Maitaro Zerbitzua eta Kuvu.
Bukatzeko, ostegun arratsaldeak hiru zati izango ditu. Lehenik, 17:00etatik aurrera, saio dinamiko bat egingo dute Altxa Burua elkartearekin batera, Pantailen aroan, erabilera osasungarria izenburupean. Haurren ongizate emozional, sozial eta fisikoan duen eraginagatik, saio dinamikoa izango da mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko, bereziki gurasoei zuzenduta.
17:30etik 19:30era, emakumeetan eta haien zikloetan jarriko da arreta. Emakumearen etapak landuko dira elikaduraren eta fisioterapiaren ikuspegitik, hilekoaren zikloa ardatz hartuta. Ane Goikoetxea dietista integratzaileak eta Emekiko Alazne Apalantza fisioterapeutak gorputza zaintzeko tresnak eskainiko dituzte, tabuak hautsiz eta emakumeen ongizatea indartuz. Ondoren, bi egunetan bizitako esperientziak partekatzeko eta lotura komunitarioak sendotzeko, jai giroko itxiera antolatu dute. Amaia Gajate kantari donostiarrak kontzertu akustikoa eskainiko du, euskarazko baladekin eta abestiekin, giro berezia sortuz plazan. Eguna aperitibo txiki batekin amaituko dute.

