Udalak zakarrontziak husteko zerbitzua indartuko du udan
Zakarrontzi berriak.Donostiako Udala Donostiako Udalak dispositibo berezi bat jarri du martxan zakarrontzien hustuketa indartzeko, udako hilabeteetan hirian izaten den espazio publikoaren erabilera biziari erantzuteko.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garciak azaldu duenez, planifikazioaren bidez premiei aurrea hartzea eta baliabideak gehien behar diren lekuetan erabiltzea da helburua. Neguan lantalde bakarra izaten den arren, udako jarduera handieneko asteburuetan sei errefortzu lantalde egongo dira lanean.
Errefortzu progresiboa eta irudi berria
Dispositiboa hiriaren erritmora egokitzen da:
- Neguan (jarduera apalagoan): Zerbitzua igarobide handiko eremuetara mugatzen da: Parte Zaharra, Bulebarra, Kaia, Kontxa, Gipuzkoa eta Artzain Onaren plazak, Gros, Zurriola, Sagues eta Urumeako zubiak). Eremu horretako 300 zakarrontzi ingurutik 120ri, bigarren hustuketa egiten zaie.
- Udaberrian eta udazkenean: Asteburu eta jaiegunetan Ondarretara, Haizearen Orrazirantz, Errege-erregina Katolikoetarantz eta Easo plazarantz zabaltzen da. Guztira 420 zakarrontzi daude eta 230 inguru indartzen dira.
- Udan: Erdialdetik hegoaldera hedatzen da zerbitzua: Amarara, Loiolako Erriberara, Matiara eta Mirakontxara. Aldi horretan, 600 zakarrontzi ingurutan jarduten da, eta horietatik 360ren hustuketa indartzen da.
Garbiketa indartzearekin batera, paperontziek irudi berria daukate. Diseinuak hondakinak bereizteko mezuak eta ikonografia ditu.
Ibilgailu jasangarriak eta teknologia
Zerbitzua hobetzeko eta ingurumena zaintzeko, %100 elektrikoak diren Goupil G4L ibilgailu arinak erabiltzen dira. Auto hauek ez dute kutsagarririk isurtzen, zarata gutxiago egiten dute eta oso egokiak dira oinezkoen eremu zein kale estuetarako, 1.100 kilotik gorako karga edukiera eta 3,6 metro kubikoko kutxa bolumena baitute.
Bestalde, teknologia ere txertatu da kudeaketan: mugikorrerako aplikazio bat eta uharte ekologiko adimenduak. Aplikazioak zerbitzuaren jarraipena denbora errealean egiteko eta jende gehien biltzen den “zakarrontzi kritikoak” kontrolatzeko balio du; uharte ekologikoek, ordea, sentsoreen bidez betetze mailaren berri ematen dute, ibilbideak optimizatu ahal izateko. Sei jarri dituzte, orotara.

