Zipotz jaiak: «Belaunaldi guztiak elkartzea nahi dugu»
Aixa Goikoetxeak eta Beñat Aranak, Groseko jai batzordeko kideek, argi dute aurtengo Zipotz jaien helburua: adin guztietako jendearentzako jaiak izatea. Haurretatik hasi eta jubilatuetaraino, belaunaldi denak elkartzea dute helburu.
Jai batzordeko kideak kartel berriarekin.Maddi Viana Belaunaldi guztiak elkartzeko jardueren artean txupinazoa aipatu dute jai batzordeko kideek. Horrelako jarduerak adin guztietako auzotarrentzako daude pentsatuta. Haurren danborrada izan edo Okendoko abesbatzaren emanaldia izan, guztiek osatzen dituzte Zipotz jaiak.
Jai batzordearen apustu handienetako bat gazteak erakartzeko egitaraua da, eta aurreko urteko Rally Poteoaren arrakasta ikusita, aurten ere garrantzia eman diote. Gazte Egunean ere jarduera berria gehitu dute: Marianitada girotua. Goikoetxeak azaldu duenez, ostiraleko gazte bazkarira jendea animatua iritsi dadin. Bazkalostean auzo argazkia egingo dute baita ere, euskal selekzioaren aldeko aldarria egiteko. Egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.
Horri blusen berreskurapena gehitu behar zaio. Kuadrilla beteranoek badauzkatela, baina gazteen artean galdutako ohitura zela aitortu du Aranak. Hori aldatzeko, blusak egiteko tailerra antolatu zuen jai batzordeak, eta, pixkanaka, kuadrilla gehiago gerturatzen ari direla azaldu du bikoteak.
Zipotz jaien indargune nagusietako bat auzoaren inplikazioa da: «Taldea baino, auzoa gara»
Giroa lantzen
Aranaren eta Goikoetxearen ustez, Zipotz jaien indargune nagusietako bat auzoaren inplikazioa da: «Taldea baino, auzoa gara», nabarmendu du Aranak. Dena den, parte hartze hori sustatu eta gehiago handitu nahi du jai batzordeak. Elkarte gehiagok jaiak kalera ateratzea nahi dute, auzo osoan jai giroa arnastu dadin.
Katalunia plazan jartzen duten txosnan izaten dira kontzertu gehienak, eta, gainera, gaualdean. Horregatik, arratsaldeetan txosnari ematen dioten erabilera indartu nahi du jai batzordeak merchandising postua, janaria eta mahai eta aulkiak jarriz.
Epe luzera ere badituzte helburuak, aipatutako blusak egiteko tailerrekin jarraitu nahi baitute, haien erabilera sustatzeko. Bestalde, jai batzordeak bi produktu berri aurkeztu ditu: kamiseta eta jertse berriak alde batetik eta Zipotz jaietako garagardoa bestetik. NaparBeer enpresarekin elkarlanean ekoizi duten garagardoa «edateko erraza» dela ziurtatu du Aranak. Txosnan salgai egoteaz gain, urte osoan zehar hainbat establezimendutan ere egongo da eskuragai: Kixkurra, Txofre, Marruma, Txindoki, Natxo, Kau, Groseko Indarra, Ensantxe, Mala Gissona, Bidassoa, Hopa, Ilargi eta Muno Baserria.

