Benito Lertxundi, Nerea Erbiti eta Arturo Reverter saritu dituzte
Miramar jauregian banatu dituzte Donostiako Orfeoia–EHUren XXV. Sariak.Donostiako Orfeoia Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarrekin antolatzen duten sarien banaketa egin zuen atzo, Miramar jauregian. Musikaren hezkuntzan, sorkuntzan eta sustapenean, musika koralean eta musikologian egiten den ikerketa bultzatu eta aitortzea du helburu. Aurten, XXV. sarietan hiru pertsona saritu dituzte: Benito Lertxundi musikaria, Nerea Erbiti Larralde ikertzailea eta Arturo Reverter musika kritikaria.
EHUko Udako Ikastaroen barruan egin dute ekitaldia, eta Antxon Elosegi Donostiako Orfeoiaren presidentea eta Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak gidatu dute sari banaketa.
Erbiti musikaren ikerketaren kategorian saritu dute, La afinación neutra en el canto monódico vasco. Un análisis de las grabaciones a presos vascos en Alemania durante la Primera Guerra Mundial (1916-1917) lanagatik. Euskal musika ondarearen ezagutza ikuspegi historiko eta analitiko batetik sakontzen duen ikerketa da. Era berean, epaimahaiak Reverterren eta Lertxundiren ibilbidea aitortu du, musikaren garapenari, hedapenari eta ezagutzari egindako ekarpen jarraituagatik.
Hogeita bost urte igaro dira Donostiako Orfeoia–EHU Sariak sortu zituztenetik, eta erreferente izaten jarraitzen dute musikaren ezagutza, sorkuntza eta zabalkundea sustatzen duten pertsonen lana aitortzeko, unibertsitatearen eta musikaren munduaren arteko lotura sendotuz. “Sari honen hogeita bosgarren edizioa ospatzeak erabat indarrean jarraitzen duen konpromiso bat berresten du: ezagutza, ikerketa eta musikaren zabalkundea babestea, gure ondarea zaindu eta belaunaldi berriei transmititzeko ezinbesteko tresnak direlako”, adierazi zuen Elosegik.
“Euskal Herriko Unibertsitatearentzat unibertsitatea gizartera hurbiltzen duen sari baten mende laurdeneko historia ospatzea EHUren apustu garbia da, unibertsitatean egiten den ezagutzaren eta ikerketaren transferentziaren alde”, gaineratu zuen Goizuetak.
Ekitaldiari bukaera emateko, Donostiako Orfeoiak bere ohiko errepertorioko hainbat obra interpretatu zituen —Baldorba, Xalbadorren heriotzean, Gernikako arbola eta Gaudeamus igitur— Juanpa Lizarza akordeoi jotzailearen laguntzarekin.

