Zementon udalekuetatik etorri da
Añorgako pertsonaiaren jaitsierarekin egin dute karmenetako txupinazoa. Hamar urteko bidea bete duten udalekuetako arduradunek hartu dute hitza.
Añorgako udalekuetakoek hartu dute hitza txupinazoan, Añorgako plazan.Inaxio Esnaola Aranzadi Hemen da, iritsi da Zementon, eta haren jaitsierarekin hasi dira ofizialki Añorgako Karmengo jaiak. Aurretik, ordea, urteak dituen hamabi hilabeteak zenbatu dituzte Añorgako plazan, horretarako apropos sortu zuten abestiarekin. Hilabete bakoitzean jaiotakoak plazaren erdira agertu dira dantzan… edo nahi izan dutenak, behintzat.
Ondoren agertu da Zementon, ohiko bidea eginez, frontoitik Jolas Etxekoa teilatura iritsi da, hari eskainitako abestiak iraun bitartean. Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteko bandera eta ikurrina igo ostean, grisez jantzitako pertsonaia agertu da, mikroa eskuan zuela.
Añorgako udalekuetako arduradunetako batek bete du bere rola, eta herriari begirako pregoia irakurri du. Hamar urteko ibilbidea bete dute udalekuek, eta jai batzordeak keinu berezia egin nahi izan die jaien hasieran. “Makina bat kilometro osatu ditugu udaleku ibiltariok. Hamar urte, alajaina. Aisialdira allternatiborako eredu ederra osatu dute auzoko gazteek, eta dena auzolanean. Bejondeigula”, adierazi du. Horrekin batera, ehun urte bete dituen Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeari esker oneko hitzak eskaini, zendutakoak gogoratu eta jaiei begirako aldarria askatu du: “Jarrai dezagun Añorga euskaratik, feminismotik, pozetik eta bihurrikerietatik eraikitzen. Gora Añorga!”.
Zazpi egun dituzte aurretik, eta hemen duzue egitaraua.

