Bostekoa eman dio ligari Donostia Arraun Lagunak-ek
'Lugañenea' ontziak Castroko eta Orioko estropadak ere irabazi ditu. Donostiarrako mutilak, berriz, bigarren onenak izan dira Orion.
Nagore Osoro patroia Orioko bandera astintzen, traineruaren aurrean.Aitor Arrizabalaga Euskotren ligan jokaturiko bost banderak astindu ditu Donostia Arraun Lagunak-ek. Batzuk aise, eta beste batzuk estuago. Asteburukoak dira horren eredu. Atzo, Orioko bandera lehiatua jokatu zuten zortzi traineruek. Dena dela, Lugañenea ontziak ez zuen hutsik egin, Tolosaldea, San Juan eta Orio etxeko taldea gaindituta. Donostiarrako neskek bosgarren denborarik onena egin zuten, ohorezko postuetatik gertu geratuz.
Larunbatean, berriz, Castroko itsas eremu zakarrari aurre egin behar izan zioten, eta Arraun izan zen ondoen moldatu zena. Alde nabarmena atera zien gainerako zazpi traineruei; San Juan bigarrenari eta Orio hirugarrenari 24 segundo. Donostiarrako neskek zazpigarren tokian bukatu zuten.
Sailkapen nagusiari dagokionez, Arraunek are gehiago sendotu du lidergoa. 40 puntu dituzte, eta hamaika gutxiago ditu Tolosaldea bigarren sailkatuak.
Donostiarra, bigarren
Eusko Label ligan, Donostiarrako mutilek txanponaren bi aldeak bizi behar izan zituzten asteburuan. Castroko estropada zailean, bigarren ziaboga istriborretik eman zuten, eta horrek zeharo baldintzatu zuen haien jarduna. Ziaboga zuzendu ostean, galdutako denbora berreskuratzen ahalegindu ziren, baina zazpigarren postuan bukatu zuten. Urdaibaik irabazi zuen bandera.
Aldiz, Orion atzo jokaturiko estropadan, askoz ere hobeto aritu ziren Arkaitz Diazen mutilak. Estu hartu zuten Orio etxeko taldea, baina ezin izan zuten gainditu denboretan. Azkenik, bigarren tokian geratu ziren, Oriok berak irabazitako banderan.
Sailkapen nagusian, bosgarren tokian daude Donostiarrako mutilak 40 punturekin, Hondarribiarekin berdinduta. Aldiz, Orio liderrak 56 puntu ditu.



