Musika, ilustrazioa eta artea batuko dituzte larunbatean, San Telmo Gauean
San Telmo Gaua, museoan.San Telmo museoa Larunbat honetan, hilak 18, 2026ko San Telmo Gaua egingo dute. Museoko ateak modu berezian eta doan zabalduko dituzte 20:30etik 24:00etara, erakusketak, zuzeneko musika eta artea uztartuko dituen giro batean.
Aurtengo berrikuntza nagusia, hala, Fresco kultur elkartearen eskutik dator: Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak okasio honetarako sortutako proposamen artistiko batekin jantziko dute museoko klaustroa.
Erakusketetan inspiratutako saioak
Gauean zehar, bisitariek doako sarrerarekin ikusi ahal izango dituzte museoko eliza, klaustroa eta une honetan ikusgai dauden bi erakusketa nagusiak: Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamen eta amildegi bat eta Modernitatea marraztu (1864-1968). Marrazkiak Fundación Mapfre eta San Telmo Museoaren bildumetan.
Bi erakusketa horietako material, testura eta koloreetan oinarrituta, Zirikiain artistak eta Perez de Arenaza animatzaile, ilustratzaile eta artistak zuzeneko obra bat egingo dute. Sorkuntza berri hori gauean zehar joango da forma hartzen, eta bertaratzen direnek denbora errealean nola garatzen den ikusteko aukera izango dute.
Proposamen musikala Azurzaren eskutik etorriko da, ordea: erakusketetan inspiratutako DJ saio bat eskainiko du. DJ set-a, hala, Zirikiainek diseinatutako instalazio artistikoan integratuko da; instalazio horrek DJaren kabina inguratuko du eta zuzeneko sorkuntzarako euskarri ere izango da, musikaren, ilustrazioaren eta espazioaren arteko etengabeko elkarrizketa sortuz.

