Realak fitxaketarik egin gabe jarraitzen du
Hainbat dira gizonezkoen lehen taldearekin lotu dituzten jokalariak, batez ere, defentsako eta erasoko lerroetarako.
Malang Sarr erdiko atzelariak Lens taldea utzi berri du.Lens Denboraldiaurrea abiatuta, Realak ez du fitxaketarik egin gizonezkoen lehen talderako. Udako aurreko bi merkatuetan gertatu moduan, klub txuri-urdinak ez du presarik jokalari berriak ekartzeko.
Dena dela, Erik Bretos kirol zuzendariak eta Jokin Aperribai presidenteak aitortu dute Realak fitxaketak egingo dituela, eta baita ere zein alor indartzeko asmoa duten: defentsa eta erasoko jokoa. Horiek horrela, hainbat dira kirol hedabideek eta fitxaketetan adituak diren kazetariek txuri-urdinekin lotu dituzten jokalariak.
Malang Sarr erdiko atzelari frantziarra da hainbat komunikabidek seinalatu dutena. Lens taldea utzi berri du, kontratua bukatuta, eta Frantziako ligako txapeldunorde eta kopako txapeldun izan ondoren. Foot Mercato atariko Santi Aouna kazetari frantziarrak jakinarazi du Reala haren atzetik dabilela. Sarr ezkerra da, eta txuri-urdinen atzeko lerroa indartzeko balioko luke. Une honetan, Jon Martin, Igor Zubeldia, Jon Pacheco eta Jon Balda dira lehen talderako aurreikusten diren erdiko atzelariak.
Gainerako jokalariei dagokienez, hauek dira Realarekin lotu dituzten batzuk: Stephy Mavididi (Leicester City), Fabio Silva (Borussia Dortmund), Lautaro Rivero (River Plate) eta Joaquín Martínez Gauna Oso (Sevilla).

