Hirugarrenez egingo dute Jokoak programa, hamalau ezohiko kirol ezagutzera emateko
Jokoak 2026ko programa aurkeztu dute.Donostiako Udala Donostia Kirolak hirugarrenez Jokoak programa egingo du, uztailaren 18an, egun osoan zehar. Programak hiria aire zabaleko kirol eremu handi bihurtu, eta hedabideetan presentzia handirik ez duten kirolak herritarrei hurbildu nahi ditu.
Zazpi esparru erabiliko ditu Jokoak programak: Sagues, Bulebarra, Zuloaga plaza, Klub Nautikoa, Urumea ibaia, Zurriola hondartza eta Antiguako tunela. Jarduerak doakoak izango dira eta hamalau kirol ezberdin ezagutzeko eta praktikatzeko aukera edukiko dute bertaratzen diren herritarrek: arrauna, mahai-tenisa, eskrima, badmintona, 3×3 saskibaloia, borroka-arteak eta gimnasia erritmikoa, besteak beste.
Hiriko kirol klub, federazio eta eragileekin batera antolatu du programa Donostia Kirolak. Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzi Iñaki Gabarainek zera nabarmendu du: “Jokoak-ek erakusten du Donostiako kirola diziplina ezagunenetatik baino askoz ere harago doala”.
Programazio osoa Donostiako Udalaren webgunean topatu daiteke.

