Hondartzan adinez txikikoak erraz aurkitzeko eskumuturrekoak eskuragarri daude
Adinez txikikoentzako eskumuturrekoa.Donostiako Udala Donostiako Udalak herritarrei gogorarazi nahi die sorospen zerbitzuak identifikazio eskumuturrekoak banatzen dituela hondartzetan, adinez txikikoak erraz aurkitzeko. Urarekiko erresistenteak dira eta doan ematen dira sorospen zerbitzuen zaintza dorreetan.
Udalak argudiatu du garrantzizkoa dela hiriko hondartzez “lasaitasunez eta segurtasunez gozatzea, batez ere jende gehien ibiltzen den egunetan”. Aipatu moduan, eskumuturrekoak urarekiko erresistenteak dira. Bertan adingabearen izena eta haren arduradunaren telefono zenbakia idatzi daiteke, eta adingabea galduz gero, sorospen langileak edo beste edozein pertsona berehala jarri daiteke harremanetan galdutako adinez txikikoaren arduradunarekin.
Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Ingurumeneko zinegotziak adierazi du udalak nahi duena familiek hondartzez ahalik eta lasaitasun handienarekin gozatzea dela. Zinegotziak gaineratu du identifikazio eskumuturrekoa neurri erraz bat dela, eta erabakigarria izan daitekeen nahastea jazoz gero “haur bat azkar aurkitzeko eta larritasun egoerak saihesteko”.
Bestetik sorospen zerbitzuek udan zehar egiten duten lana eskertu nahi izan du Garciak: “Gure sorospen taldeek funtsezko lana egiten dute hondartza seguruak bermatzeko. Larrialdi egoeretan esku hartzeaz gain, prebentziozko eta herritarrei arreta emateko lan garrantzitsua egiten dute, milaka pertsonak Donostiako itsasertzaz segurtasunez goza dezaten”.

