Bera Berak uztailaren 23an abiatuko du denboraldiaurrea
Lagunarteko bost partida jokatuko dituzte abuztuan, Superkopako finala irailaren 6an, eta ligako lehen partida irailaren 9an.
Elba Alvarez jokalaria, partida batean.Bera Bera Martxan jartzeko ordua iritsi zaio Donostiako Bera Bera eskubaloi taldeari. Uztailaren 23an abiatuko du denboraldiaurrea, 16:00etan, Gaska kiroldegian. Jon Begiristain entrenatzaile berriak eta Xabal Beloki laguntzaileak zuzenduko duten lehen lan saioa izango da, eta hamabi jokalari izango ditu bere aginduetara.
Ester Somaza eta Elke Karsten min hartuta daude oraindik, eta Alexandra Shunu uztailaren 27an iritsiko da Donostiara. Bestalde, Elene Fresko eta Oihana Murgiondo ere ez dira lehen entrenamenduan izango, Errumanian jokatuko den Munduko Txapelketan izango direlako. Bestalde, bigarren taldeko Eider Tapia, Haizea Urretabizkaia eta Naroa Zabala jokalariek parte hartuko denboraldiaurrearen hasieran.
Lagunartekoei dagokienez, Bera Berak gutxienez bost jokatuko ditu. Esaterako, Leongo Villacelama herriko Summer BAG txapelketan parte hartuko dute. Atletico Guardesek, Valladolidek eta Bera Berak antolatu dute. Aurten, lauko txapelketarako, Benfica gonbidatu dute. Partidak abuztuaren 13an eta 14an izango dira, Leonen.
Abuztuaren 21an eta 22an, berriz, Egiako nazioarteko txapelketan izango dira. Nabarmentzekoa da, aurten, Dijon Europako Ligako txapelduna ekarriko dutela. Bera Berak, ordea, Errioxa izango du arerio lehen egunean, eta bigarrenean, Dijon bera edo Beti Onak.
Azkenik, abuztuaren 26an, Oñatin, Aloña Mendi klubaren 50. urteurrenaren testuinguruan, talde donostiarrak Replasa Beti Onak taldearen aurka neurtuko ditu indarrak.
Superkopa eta liga
Denboraldiaurrea bukatuta, irailaren 6an, Espainiako Superkopa jokatuko du Bera Berak Kanaria Handiaren aurka. Aldiz, liga irailaren 9an abiatuko dute, Gaska kiroldegian. Hain zuzen ere, ligak berriki argitaratu du pasa den denboraldiko zazpiko onena, eta Donostiako eskubaloi taldeko bi jokalari daude: Maitane Etxeberria eta Elba Alvarez.

