Okendotegi uholdeetatik babesteko lanak adostu dituzte Uraren Agentziak eta Donostiako Udalak
2,2, milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute, Urumea ibaiak Martutenen dituen ur goraldiei aurre egiteko defentsari jarraipena emateko.
Jon Insausti alkateak eta Asier Lopez Uraren Agentziako zuzendariak Okendotegi ingurua bisitatu dute.Donostiako Udala Eusko Jaurlaritzak, Uraren Euskal Agentziaren bidez, eta Donostiako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute Martuteneko Okendotegi auzuneko Errekabeltza errekaren egokitzapen hidraulikoa egiteko. 2,2 milioi euroko inbertsioari esker, zonaldeak urte luzez jasan dituen uholdeen arriskua nabarmen murriztuko da.
Asier Lopez Uraren Agentziako zuzendari nagusiak eta Jon Insausti Donostiako alkateak sinatu dute hitzarmena, eta biek nabarmendu dute esku-hartze horrek Okendotegin bizi diren pertsonen segurtasuna eta bizi kalitatea hobetuko dutela.
Akordioaren arabera, Uraren Agentziak sustatuko eta finantzatuko ditu lanak. Guztira, 2,212.663,18 euroko aurrekontua aurreikusi dute. Udalak, berriz, beharrezko lurrak eskuragarri jarriko ditu eta amaitutako urbanizazio obren mantentzea bere gain hartuko du.
Lanen helburu zehatza, berriz, Errekabeltza errekastoaren husteko ahalmena handitzea da. Horretarako, gaur egun estua den ibilgua handituko da, pasabide berriak eraikiko dira, inguruko bideak egokituko dira eta ingurunea lehengoratuko da. Obren eremuak 300 metro hartzen ditu, A-15eko zubibidearen eta Madril-Irun trenbide pasabidearen artean. Metro horiek 100 urteko errepikatze denborako uraldiei erantzuteko diseinatu dira.
“Obra horiekin, Urumearen ardatz osoa egokitzeko lanean jarraituko dugu, etxebizitza garapen eta aisialdirako eremu berrietan lan egiten baitugu, donostiarren segurtasuna eta bizi kalitatea lehentasuntzat hartuta”, adierazi du Insaustik. Aldiz, Lopezek nabarmendu du Okendotegin urte luzez pairatutako uholde arazo bati irtenbide “eraginkorra” emango diotela: “Errekabeltza errekastoaren egokitzapenarekin, behin eta berriz ur goraldiak jasan zituzten bizilagunei irtenbidea emango diegu”.
Lanen jarraipen naturala
Okendotegiko lanak Uraren Agentziak Martutenen azken hamarkadan egin duen 33 milioi euroko eraldaketa hidraulikoaren osagarri zuzena da. Hamar urteko lanen ondoren, Urumearen ibilgua 1.350 metrotan zehar egokitu zen osorik, eta ibaiaren zabalera handitu egin zen, 500 urterainoko errepikatze denborako ur goraldiei ibilguan eusteko. Helburua historikoki kaltetutako auzo bat babestea izan zen, ibaiko estugune nagusietako bat kenduz.
Lanak amaituta, Errekabeltza errekak —Okendotegi zeharkatzen duen Urumearen adarrak— ezin zuen behar moduan hustu Urumea ibaia harrotuta jariatzen zuenean. Auzoa oso kota baxuan dago, eta errekaren egungo sekzioa ez da nahikoa: urez betetzen baita, bai berezko ur-goraldiengatik, bai Urumearen goraldien emariaren itzuleragatik. Orain, Errekabeltzako ibilgua handituko da, husteko ahalmena hobetuko da, eta Okendotegi auzoko arriskua ere nabarmen murriztuko da.

