Astebururako plan bila Donostian?
'Simpol' ikuskizuna. Zer plan duzue asteburu honetarako? Gure agendan askotariko kultur eta aisialdi proposamenak aurkituko dituzue, baina, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian. Era berean, ez ahaztu asteburu honetan ospatuko dituztela Groseko Zipotz jaiak eta kaiko, Amara Berriko eta Añorgako Karmengo jaiak, eta gure webguneko jaien atal berezian dituzuela egitarauak eta informazio guztia.
Ostiralean (hilak 17), Simpol antzezlana ikustera joatea gomendatzen dizuegu. Maria Cruickshank aktoreak bere ikuskizuna aurkeztuko du Antzoki Zaharrean (20:00), euskaraz, ostiralean ez ezik, baita larunbatean ere. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eta antzokiko leihatilan daude salgai, 16-22 euroan.
Larunbatean (hilak 18), The Stammets soul talde donostiarrak joko du Altxerrin, 20:00etan. Gorka Azpiroz, Sergio Villar, Jorge Luengo eta David Gorospe musikariek osatutako taldea da. Sarrerak han bertan egongo dira salgai, 5 euroan.
Igandean (hilak 19), antzerki arloko beste proposamen bat: Jose Cruz Gurrutxaga eta Maria Cruickshank aktoreek Stand ieup komedy umorezko ikuskizuna eskainiko dute, euskaraz, Antzoki Zaharrean (20:00). Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eta antzokiko leihatilan daude salgai, 16-22 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere proposatuko dizuegu: Tabakalerako Kooperatiba erakusketan bisita eta solasaldia egingo dute asteazkenean (hilak 22), 17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz. Izena eman behar da, Tabakaleraren webgunean.

