Joxan Oizek irabazi du III. Xabier Lete beka
Beka irabazi duen proiektuan, XX. mendeko bi euskal arkitektoren historian arakatzen du Oizek: Jose Manuel Aizpurua eta Joaquin Labaien, bata falangista eta bestea jeltzalea. 'Arrazionalista' deitu du proiektua, eta Aizpuruaren azken urteak ditu ardatz.
Joxan Oiz idazle donostiarra, Agapito Ponsolen kapela dendako kutxa batekin.Virginia C. Lazkoz Joxan Oiz Arruti idazleak (Donostia, 1968) irabazi du Euskarazko Literatura Sorkuntzarako III. Xabier Lete beka. Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak ematen duten 70.000 euroko laguntza horri esker, bere hurrengo eleberria idatzi ahal izango du. Arrazionalista da proiektuaren behin-behineko izenburua, eta iragan mendean Gipuzkoan nabarmendu ziren bi arkitektoren arteko adiskidetasunean arakatzen du: Jose Manuel Aizpurua —protagonista— eta Joaquin Labaien —narratzailea—. Arrazionalismo arkitektonikoan bat zetozen arren, ideologikoki antipodetan zeuden bi lagunak: bata falangista zen, eta bestea, jeltzalea.
Aizpuruaren azken urteak izango ditu ardatz eleberriak. Oizek BERRIAn adierazi duenez, kontraesan handiko pertsonaia izan zen hura, eta “artistaren lanaren eta gizonaren ekintzen arteko dikotomiari buruz” hausnartu nahi du fikzio lan honetan. Narrazioaren ahotsa, berriz, Labaienek jarriko du, Aizpuruaren kontrapuntu lasaiago gisa. 36ko gerraren bueltako Donostiako giro kultural eta politikoan murgilduta, “konplexutasun handiko” lana izango dela aurreratu dute sustatzaileek.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; bertan jarraitu dezakezue irakurtzen.

