Bostetik bost irabazita abiatu dute liga
Donostia Arraun Lagunak Euskotren ligako lider sendoa da, jokaturiko bandera guztiak astinduta. Donostiarrako neskak, berriz, sailkapenaren putzuan daude, eta mutilak Eusko Label ligako lau onenekin lehiatzea dute helburu, estropadaren bat irabaztearekin batera.
Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak Orion irabazitako bandera ospatzen, pasa den igandean.Aitor Arrizabalaga Lehen txanpak agerian utzi du Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruen sasoia zein den. Bost jardunaldi jokatuta, Donostia Arraun Lagunak eta Orio dira liderrak, baina Martuteneko Lugañenea da bost estropadak irabazi dituen bakarra. Horrela, Donostiako hiru ordezkarietatik onenak dira. Beste biak, Donostiarrako mutilak eta neskak, txanponaren bi aldeak dira. Mutilak banderen lehian sartuta dabiltza, eta neskak sailkapeneko zulotik ateratzeko ahaleginetan. Denboraldi hasierako lehen balorazioa jasotzeko, Donostiako auzo bereko bi arraunlarirekin hitz egin du hedabide honek.
Bostetik bost bandera astinduta, Arraunek 2024ko denboraldia berdintzeko gaitasuna erakutsi du. Orduan, ligako bandera guztiak irabazi zituzten, eta estropada ia guztiak, bat izan ezik. Lucia Canal harrobiko arraunlaria (Loiola, 2003), jokaturiko bost estropadetatik lautan aritu da Lugañenea traineruaren tostetan. «Bostak irabaztea espero genuen, baina hori ez da gure helburu nagusia. Dena irabazteko gai garen arren, ez dugu horretan pentsatu behar, lehiakortasuna mantentzeko. Izan ere, kontziente gara banderak galtzeko aukerak ditugula, beste traineru batzuek gaitasuna dutelako. Beraz, estropada bakoitzari garrantzia ematen diogu, ahalik eta ondoen aritzeko», nabarmendu du Canalek.
Estropada eremu guztietan ondoen moldatu direnak dira. Madrilgo aintziran, Bilboko itsasadarrean eta Kantauri itsasoan. Canalek aitortu du pasa den asteburuko bi estropadak irabaztea oso garrantzitsua izan dela Arraunentzat: «Iaz, zalantza batzuk sortu ziren gure inguruan, eta batzuek zioten itsasoan ez ginela horren ondo moldatzen. Itsaso zakarreko estropada batzuetan ez ginen fin ibili. Dena dela, pasa den asteburuko Castroko eta Orioko estropada zailetan, oso ondo aritu ginen. Batez ere, Castron, haizeak eta itsaso mugituak baldintzaturiko estropadan».
«Liga ez dago erabakita, baina sailkapen nagusian tarte polita lortu dugu beste traineruekiko»
Lucia Canal, Donostia Arraun Lagunak
Arraunen sasoi hasiera paregabearen gakoak hainbat direla dio loiolatarrak. Batetik, Juan Mari Etxabe entrenatzailearen, Alberto Grijalba prestatzailearen eta Jacobo Vazquez medikuaren garrantzia nabarmendu du: «Gugan konfiantza osoa dute, eta lehiarako ahalik eta baldintza onenetan prestatzen laguntzen digute». Bestetik, arraunlarien bloke nagusia mantentzea «ezinbestekoa» izan dela uste du: «Normala den moduan, joan-etorriak ditugu, baina lehiakortasuna mantendu eta hobeto gabiltza. Bat egiten duten arraunlari berriak berehala sartu dira taldearen dinamikan, gure gosea ikusita, eta hori garrantzitsua da».
Euskotren liga hasi berritan, oraindik beste hamabi jardunaldi eta hamaika bandera dituzte jokoan. «Liga ez dago erabakita, baina sailkapen nagusian tarte polita lortu dugu beste traineruekiko. Liga horrela hasteak lasaitasuna ematen du, traineruan arraunlariak txandakatu eta gauza berriak probatzeko. Dena dela, alde hori handitu nahi genuke», adierazi du Canalek.
Ohorezko txanda
Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapeldunorde izan ondoren, Donostiarrako mutilek konfiantzarekin abiatu zuten Eusko Label liga. Jokaturiko bost jardunaldietan, banderen lehian izan dira, baina Arkaitz Diaz patroiak (Loiola, 1983) argi dauka lau onenen ohorezko txandan egonkortzea dutela helburu. «Bost estropada hauetan denetarik izan dugu. Onak, normalak eta ez horren onak. Batez ere, akats batzuk egin ditugulako», aitortu du Diazek. Horrela ere, pozik dago taldeak emandako mailarekin, batez ere, Orion, pasa den igandean: «Txapelketetan ondo aritu ginen, eta liga hasieran ere. Bost estropada hauetan ondo aritu gara, bestela ez genuen Orioko bigarren postua lortuko. Estropada asko geratzen dira, udara asko, gorabeherak egongo dira, momentuak talde guztientzat, eta taldea zentzu horretan ondo dagoela esango nuke».
Une honetan, sailkapeneko bosgarren tokian daude, ohorezko txandatik kanpo. Orio, Urdaibai, Zierbena eta Getaria aurretik dituzte. «Badakigu asko gure esku dagoela, eta beste gauza batzuk ezin dituzula kontrolatu. Orain, bigarren txandan gaude, eta larunbat arratsaldetan haizeak behera egin ohi du bigarren txanda hasterako. Horrek zaildu egiten du estropada. Egoera horri buelta ematea dagokigu», adierazi du loiolatarrak.
«Bost estropada hauetan ondo aritu gara, bestela ez genuen Orioko bigarren postua lortuko»
Arkaitz Diaz, Donostiarra
Ligako lehiari dagokionez, iazko urtearekin alderatuta, Diazek dio argazkia ez dela asko aldatu: «Sei talde gabiltza ohorezko txandan sartzeko lehian. Hondarribia da seigarrena, gauzak ondo egiten dabilena. Orio da nabarmen gainetik dabilena, iazkoaren tankeran, eta gero alternantzia handia ikusi dugu goiko taldeen artean. Segundo gutxitan traineru asko gaude».
Donostiarrako mutilek urtero lortu dute banderaren bat astintzea. Aurten ere, helburu horri eusten diote, nahiz eta Diazek «oso garesti» ikusten duen: «Azken urteotan, estropada bat irabazi ahal izan dugu. Oso zaila da, baina ez ezinezkoa. Egun batean hamaika traineru atzetik uztea da helburua, oso zaila dena, baina posible da. Guk dena ondo egiten badugu, gai gara irabazteko. Talde lehiakorra eta gogorra gara. Etxeko banderarekin edo beste batekin konformatuko ginateke».


