Gizon bat atxilotu dute, Egia eta Loiola arteko asentu batean sexu eraso bat leporatuta
Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, atzoko goizeko lehenengo orduan Egia eta Loiola artean kokatutako asentu bateko kanpin denda baten barruan gertatutako sexu eraso bat egotzita. Ertzaintzaren arabera, erasoa gertatu eta pixka batera, emakumeak bertatik ihes egitea lortu zuen, eta inguruan lanetan ari zen patruila batengana jo zuen, gertatutakoaren berri emateko.
Biktima, 29 urteko emakumea, Donostia Ospitalera eraman zuten, eta une horretan bertan jarri zuten abian horrelako delituetarako ezarritako protokoloa. Emakumeak aurkeztutako informazioari eta esku hartu zuten agenteek egindako ikerketari esker, atzo goizean atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Une honetan, atxilotuak polizia egoitzan jarraitzen du. Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizona Agintari Judizialaren eskuetan jarriko dute gertakaria argitzeko ikerketak eta beharrezko polizia eginbideak amaitzen dituztenean.

