Maria Mercedes Antxeta, frankismoak torturatutako turista
65 urte beteko dira bihar Euskal Herriko milaka tortura kasu latzenetako bat gertatu zenetik: Maria Mercedes Antxeta turista venezuelarra torturatu zuten frankistek, baita heriotza eragin ere. Egun berean, ETA bere lehen ekintza handia egiten saiatu zen, Donostian.
Franco diktadorea Donostiako kaian, 1961eko udan. Paco Mari/Kutxateka 65 urte beteko dira bihar (hilak 18), eta Maria Mercedes Antxetaren kasuak oso ezezaguna izaten jarraitzen du. Poliziak Euskal Herrian torturatutako milaka herritarretako bat da, eta bere kasua bereziki latza da.
Venezuelarra zen Antxeta, eta Donostian oporretan zegoen 1961eko uztailean, «gurasoen aberria ezagutzen», Martin de Araneziok Araguaney lorea liburuan azaldu zuenez. «Gurasoen aberria», ordea, frankismo betean zegoen, garai nahasiak bizitzen: antolakunde antifrankistek gero eta indar handiagoa zuten eta Espainiako Estatuaren errepresioa oso bortitza zen.
Egun nahasia
Uztailaren 18a zen, eta 25 urte betetzen ziren hainbat militar faxistek Espainiako Errepublikaren aurkako estatu kolpea eman, eta 36ko gerra eragin zutenetik. Egun hartako Donostiako giroa, beraz, ez zen beste edozein egunetakoa; Franco diktadoreak, gainera, Donostian pasatzen zituen udak.
Egun hartako giroaren erakusgarri da ETA bere lehen ekintza handia egiten saiatu zela: frankista ohiez beteriko tren bat trenbidetik ateratzea zen etakideen asmoa
Hain zuzen ere, egun hartako giroaren erakusgarri da ETA bere lehen ekintza handia egiten saiatu zela —1958an sortu zuten erakundea—: altxamendu frankistaren 25. urteurrena ospatzeko Donostiara zetozen soldadu frankista ohiez beteriko tren bat trenbidetik ateratzea zen etakideen asmoa. Aieteko tunelaren irteeran, trenbidea hondatu zuten, baina ez zuten arrakastarik izan, trena arazorik gabe heldu baitzen helmugara.
ETAren saiakera horrez gain, ordea, beste ekintza antifrankista batzuk egin zituzten egun hartan, Donostian. Eduardo Rothe filosofo eta kazetari venezuelarrak 2011n Aporrea atarian argitaratutako lanean azaldu zuenez, antifrankistak errepresioaren aurkako esku orriak banatzen aritu ziren hiriko kaleetan, eta Poliziak atxiloketa masiboak egin zituen. Abizen euskalduna edukita, Antxeta izan zen atxilotuetako bat, eta Brigada Politiko Sozialaren buru Meliton Manzanasen esku utzi zuten.
Ez dago askoz ere informazio gehiago Antxetaren inguruan. Manzanasen ibilbidea, aldiz, aski ezaguna da, besteak beste, ETAk 1968an hil izanagatik
Torturak eta heriotza
Torturatzaile basatia izateagatik zen bereziki ezaguna Manzanas, eta bortizki torturatu zuen turista venezuelarra, sei egunez, Antxetak eman ezin zion informazioa eskatuz. Venezuelako Gobernuak jaioterrira bueltan eramatea lortu zuen, baina handik 40 bat egunera hil zen, torturen ondorioz. Gorputza ebakiz beteta eta bagina txikituta zeukan Antxetak.
Venezuelako El Nacional egunkariak kasuaren inguruko erreportajea argitaratu zuen, baina ez dago askoz ere informazio gehiago Antxetaren inguruan. Manzanasen ibilbidea, aldiz, aski ezaguna da, torturatzailea izateagatik, nazien kolaboratzaile izateagatik eta ETAk 1968an hil izanagatik; erakunde horrek modu planifikatuan hil zuen lehenengo pertsona izan zen.

