Perturren desagerpena ikertu du GEBehatokiak: «Estatu egiturekin lotutako operazio planifikatu bat izan zen»
Hilaren 23an, 50 urte beteko dira Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETApm erakundeko buru politikoa azken aldiz ikusi zutenetik. Asko izan dira behartutako desagerpen horren inguruan zabaldu diren hipotesiak, eta auzia sakonki ikertu du orain Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak.
Perturren desagerpena salatzeko manifestazio bat, Donostian.GEBehatokia 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azken aldiz Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm erakundeko militantea, duela 50 urte. Kasuaren inguruko ikerketa sakona ondo du Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia), baita historialari askok hamarkadotan argi izan dutena ondorioztatu ere: “Estatu egiturekin lotutako operazio planifikatu bat” izan zela. Horrela, “familiaren sufrimenduarekin amaitzeko” bidean, informazioa desklasifikatzeko eskatu dio erakunde horrek Espainiako Estatuari.
1950ean Donostian jaioa, erakunde horretako buru politikoa zen, eta Behobian desagertu zen. Garai nahasiak bizi zituen euskal gizarteak, eta ETApm-ko zuzendaritzaren eta Komando Berezien arteko desadostasun nabarmenek bide eman zuen Komando Bereziek desagerrarazi zutenaren hipotesia zabaltzeko. Aldiz, hipotesirik indartsuena estatu terrorismoak bahitu eta desagerrarazi zuela izan da beti historialari gehienentzat. Gorpua, ordea, oraindik ez da agertu, hainbat ikerketa egin badira ere.
Ikerketa eta hipotesiak
“Indizio eta froga nagusiek Espainiako Estatuko aparatuarekin eta haren Poliziarekin edo egitura paramilitarrekin lotutako operazio bat oinarri dutela diote”, GEBehatokiak baieztatu duenez. Horretarako, “azken bi urteetan testigantzak biltzen” aritu dela azaldu du erakundeak, “mota guztietako dokumentazioa berrikusi da, eta Eduardoren ETApm-ko kide ohi ugarik emandako iritziak eta informazioa kontuan hartu dira”.
Horrela, bi elementu nagusitan oinarritzen dira ikerketaren ondorioak, GEBehatokiak azaldu duenez. Alde batetik, “Perturren inguruko norbaitek hura bahitzeko barne bilera faltsu bat errazteko ezkutuko lana. Bestetik, Perturren eta bere kideen aurkako mehatxu, jazarpen eta gerra zikin taktika luze baten existentzia argiki dokumentatuta egotea”.
“Ikerketaren tesi nagusia da inteligentzia zerbitzuek soilik izango luketela horrelako operazio bat prestatzeko gaitasuna: infiltrazioa, hitzordu tranpa bat jartzea, bahiketa egitea eta frogak ezabatzea. Aurkeztutako hipotesi probableena da zerbitzu hauek Italiako talde neofaxistak edo beste mertzenario batzuk erabili zituztela bahiketa egiteko eta Pertur Espainiako lurraldera eramateko”, gaineratu du GEBehatokiak.
Halaber, GEBehatokiko kideek kontuak eduki dute 1976ko udan Euskal Herrian bizi zen giro bero eta nahasia: “Aurreko mehatxuak, errefuxiatuen aurkako erasoak, Perturren aurkako zikinkeria kanpaina publikoa eta ondorengo beste gertaera batzuk aurkezten dira estatuaren parte hartzea adierazten duten elementu gisa. Espainiako bi polizia inspektore bahitu eta hiltzeagatik mendeku gisa edo ETAko zuzendaritzak Aljeriako gobernuarekin zituen harremanak hausteko egindako hitzordu faltsu baten (eta ondorengo bahiketa eta hilketaren) hipotesiak pisu handia du ikerketa honen ondorioetan”.
Bereziak, “baztertuta”
Ikerketak “baztertu” egin du “bahiketa ETApm-ko Bereziak fakzioko kideek antolatu zutela dioen hipotesia”, hiru arrazoi nagusirengatik, azaldu dutenez. Lehenengoa “agerikoa” dela dio GEBehatokiak: “Perturren bahiketa eta ustezko hilketa ETAko Bereziak taldeko kideek planifikatu izan balute, ez lukete inoiz bi kide ezagunenek (Pako Mujika eta Miguel Angel Apalategi) egingo”.
“Garrantzitsua da gogoratzea Perturrek berak eskatu ziela ibilgailuan eramateko eta, helmugarako bidaian, beste bi errefuxiaturekin lasai hitz egin eta txantxetan aritu zela, Bereziak taldeko bi kide ezagunenekin autoa partekatuz. Teoria honen arabera, haiek izan balira, harekin edozein kontaktu ikusgai saihestuko zuten desagertu aurretik”, gaineratu du erakundeak. Era berean, halako operazio bat modu inprobisatuan egin, eta arrastorik ez uzteko militanteen gaitasuna ezbaian jarri du: “Azpimarratu behar dugu hamarkadetan zehar arrastorik gabe desagertzeak plangintza, baliabideak eta estaldura eskatzen dituela, eta hori nekez egokituko litzateke ekintza inprobisatu batekin”.
Perturrek desagerpenaren aurretik jasotako hitzorduarekin lotura du bigarren arrazoiak: “Gaur badakigu uztailaren 23 hartako egiaztatutako hitzordu bakarra Pausun zuela (Lapurdi), 11:30ean. Era berean, Joseba Aulestia Zotza burkideak ohar bat eman zion Perturri goiz hartan bertan, lehenengo orduan eta bere etxean, hau da, Perturrentzako konfiantza osoko bide batetik, Bereziek kontrolatzen ez zutena”.
“Perturren desagerpenaren eta Bereziak-en eskuetan hil izanaren hipotesia egia balitz, estatuak baliabide ugari ditu behin betiko frogatzeko”
Azkenik, hirugarren arrazoia “Sabin Atxalandabaso errefuxiatu kideak, antzeko termino eta denbora tartean, jaso zuen hitzordu faltsua da”, GEBehatokiak nabarmendu duenez: “Perturrekin batera, ETApm-ko Bulego Politikoaren parte zen, nazioarteko aparatuaren buru gisa. Pertur desagertu baino aste batzuk lehenago, biak elkarrekin joan ziren Aljeriara FLNeko zuzendaritzarekin biltzera. Han, Aljeriako polizia instalazioetan ETAko dozenaka militanteren entrenamenduari buruzko xehetasun teknikoak lotu zituzten. Bai Espainiako Poliziak bai enbaxadak berak kontaktu horiek kontrolatu zituzten. Hori dela eta, bi-biek aldi berean hitzordu faltsuak jaso zituzten barne bideen bidez, eta horrek legez kanpo harrapatu nahi izatea azaltzen duen lotura behinena da”.
Bereziak taldearen eta ETApm-ko zuzendaritzaren artean desadostasunak bazeuden ere, GEBehatokiak dio “atxiloketa hau diziplina neurri bat” izan zela, “testuinguru oso zailean hartuta, non eztabaida baldintzatu eta Perturren eragina bere kideen artean ahultzen saiatu zen”. “Nolanahi ere, maniobra traketsa izan zen, baina ez zen inoiz kontu konponketa baten aurrekaria izan. Perturren ‘konspirazioez’ eta ‘trikimailu zikinez’ hitz egiten zuen gutunak erakundearen barne giroaren eta gatazka politikoen kritika larri gisa interpretatu behar dira, ez bere kideek hilko zutelako beldur zela frogatzen zuen froga gisa”, gehitu du erakundeak.
Era berean, Behatokiak gogorarazi du Pertur kasuaren inguruko ikerketa judiziala 2008 eta 2012 urteen artean zuzendu zuela Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, baina kasua behin-behinekoz artxibatu zela, “pertsona edo talde zehatz bat leporatzeko froga nahikorik ez zegoelako”. “Epaitegiaren ebazpenak adierazi zuen garai hartako polizia agintariek ez zutela benetako ikerketarik egin 1976an gertaerak argitzeko, erabateko utzikeriaz jokatuta. Harrigarria, eta GEBehatokiaren ustea agerian uzten duena: Perturren desagerpenaren eta Bereziak-en eskuetan hil izanaren hipotesia egia balitz, estatuak baliabide ugari ditu behin betiko frogatzeko, eta hala ere, 50 urte hauetan, ez du hatz bat ere mugitu bere desagerpenaren inguruabarrak argitzeko. Perturren desagerpena ‘estatuko kontua’ izan zen beti, Saenz de Santa Maria jeneralak idatzi zuen moduan”, gaineratu du erakundeak.
GEBehatokiak Espainiako Estatuari eskatu dio “bere esku dagoen edozein dokumentazio desklasifikatzeko”. Eta, “gorpuzkinen kokapena ezagutzera eraman dezakeen informazioa duen edonori” ere eskaera luzatu dio
Eskaera zehatzak
Horrela, GEBehatokiaren ikerketak ondorio argia du: “Perturren desagerpen behartua estatu egiturekin lotutako operazio planifikatu bat izan zen”. Hori dela eta, salatu duenez, “gorpuaren kokapenaren berririk ez izatearen arrazoia, 50 urte geroago, operazio horren eragileak eta arduradunak ezkutatzeko beharra da oraindik, desagertze behartuaren delituak ez baitira preskripzio eperik nazioarteko zuzenbidearen arabera, biktimen familiei eta lagunei sufrimendu gehigarria eragiten dietelako”.
Hala ere, GEBehatokiak argi du “familia honen sufrimenduarekin amaitzeko garaia” dela. Horregatik, bi eskaera zehatz egin ditu erakundeak: Espainiako Estatuari eskatu dio “bere esku dagoen edozein dokumentazio desklasifikatzeko”. Eta, “gorpuzkinen kokapena ezagutzera eraman dezakeen informazioa duen edonori” ere eskaera luzatu dio: “Gizalegez eta lehenbailehen, egoki ikusten dituzten bideetatik parteka ditzala”.


