Tradizioari eskua emanez, dantzan datoz Zubietako jaiak
Hilaren 24an hasi eta 31ra arte luzatuko dira Zubietako jaiak, ohi bezala. Egun potenteak dira horiek herrian, eta egun osoko parrandak antolatu ditu jai batzordeak, Xabat Zuriarrain eta Jon Uribarrena kideek azaldu dutenez.
Iazko Zubietako jaietako herri afari mozorrotua.Aizpea Aizpurua Zubietan hasi da, jada, jaietarako atzera kontaketa, eta herritarrek ez dute galtzen jai batzordeari datorrenaz xehetasunez galdetzeko aukera. Aurten, gainera, herritarren eskaerei entzun, eta egitarau tradizional bezain osatua prestatu dute «adin guztietarako». Xabat Zuriarrain eta Jon Uribarrena jai batzordeko kideek argi dute: aurtengo helburu nagusia jai herrikoiak lortzea izan da.
Tradizioari eskua emanez
Indar berezia jarri nahi izan dute aurten festa tradizionalen esentzia berreskuratzen. «Nahiko festa tradizionalak egiten saiatu gara: erromeria dezente sartu ditugu, uste dugulako festetako girorik hoberena jartzen duten eta adin guztietarako diren taldeak direla», azaldu du Zuriarrainek.
Egunean zehar ere egitaraua zabaltzen saiatu dira, urteroko mutxikoak, bertsolariak eta soka dantza mantenduz. Azken bi ekitaldi horiek «inoiz huts egiten ez duten» hitzorduak dira. Gaueko ordu txikietan, aldiz, gazteentzako parrandarako giroa nagusituko da, estilo askotariko musika uztartuz.
Sega apustua, berriena
Aurtengo berezitasun nagusien artean sega apustua dago, jada herritarren artean zeresan handia ematen ari dena. Zuriarrain eta Uribarrena euren aurka arituko dira [ikus 19. orria]. Urte osoa daramate entrenatzen, eta ikasitakoa erakusteko unea izango da hilaren 30eko arratsaldean egingo duten desafioa.
Herri giroaz harago, kanpoko jendea erakartzeko ahalegina ere egingo dute aurten, nahiz eta badiren egun batzuk, berez, jendez gainezka egoten direnak. Zuriarrainek zehaztu duenez, hilaren 24a eta 31 izaten dira potenteenak, eta, hortaz, «25ean eta 30ean jende asko etortzen da; gehiegi batzuetan».
Gaztetasuna eta gogoa
Jaiak antolatzeak lan handia eskatzen du, eta Zubietan gazteak ari dira jo eta su horretan. Uribarrenak eta Zuriarrainek 18 eta 19 urte dituzte, hurrenez hurren, eta beraiek dira batzordeko gazteenetakoak. Halere, belaunaldi ezberdinen arteko nahasketa «oso aberasgarria» dela uste dute.
Uribarrenak aitortu du zerbait antolatzen denean erraza dela kritikak jasotzea eta zaila, ordea, denak kontentatzea. Baina iaz herritarrei luzatutako galdeketa baten bidez jaso zituzten eskaerei erantzuten saiatu dira aurten: erromeria gehiago eta trikitilariak jarri dituzte. «Aurtengo festak jende gehienari gustatuko zaizkiola uste dugu», adierazi dute.

«Plazan erakutsi beharko dugu nor den indartsuena»
Nolatan sega apustu bat?
Jon Uribarrena (J.U.): Aurreko urtean egin genuen apustua, parrandan geundela. Harro-harro eginda, txosnan harrapatzen genituen guztiei esango genien… Orain konturatu gara asko dela adostu duguna.
Xabat Zuriarrain (X.Z.): Nik aitari kontatu nionean erotzat hartu ninduen, hasieran…
Baina ibiliak zarete segan?
(J.U.): Aurreko urtera arte, ez! Ni amonaren etxean ibili nintzen sega herdoildu bat txukuntzen, eta horrekin aritu naiz entrenatzen.
Nola ikusten duzue elkar?
(J.U.): Ni urtean zehar saiatu naiz, astean behin, behintzat, entrenatzen. Egia da, neguan belar gutxi eta txarra egoten denez, fundamentu handirik gabe ibili naizela, baina udararekin batera, pixkanaka, erritmoa hartzen saiatu naiz.
(X.Z.): Horrek eta lanak denbora asko kentzeak ez du esan nahi proba txarra izango denik… Gure artean, behintzat, apustu serioa da… Azkenean, herriaren aurrean zaude, eta herrian izena edukitzea dago jokoan [barrez]!
Datorren urtean, orduan, beste apustu bat egingo duzue, ezta?
(J.U.): Ni, dagoeneko, buruari bueltak ematen hasi naiz… Xabatekin batera bi segalari, segalari profesional baten kontra!
Lagunak bai, baina orain arerioak ere bazarete!
(X.Z.): Lagunak gara, arerioak izatearena bigarren plano batean dago! Hori bai, behin sega hartuta, akabo broma guztiak… hor erakutsi beharko da nor den hobea!
(J.U.): Lehengusu txikiak gara, eta apustuan argi geratuko da familiako indartsuena nor den… Ni konfiantzarekin noa.

