Udalak kontrola areagotuko du altzariak eta obra hondakinak kalean uzteagatik
Hondakinak kalean.Donostiako Udala Donostiako Udalak ikuskapen eta kontrol lanak areagotuko ditu hiriko puntu gatazkatsuenetan, bide publikoan utzitako obra hondakin eta tamaina handiko trasteen isurketak direla eta.
Urtea hasi denetik, bide garbiketako udal zerbitzuek 92.620 kilo obra hondakin kendu dituzte bide publikotik. Hala, ohartarazi dute etxebizitzen eduki osoa, altzari guztiak eta eraberritzeen ondoriozko hondakinak aurkitzen ari direla edukiontzien ondoan eta kalean bereizi gabe utzita.
Gauzak horrela, Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzia kezkatuta agertu da hainbat auzotan gertatzen ari denarekin. Adierazi du espaloietan pilatzen diren hondakinek oinezkoen joan-etorria zailtzen dutela eta auzoen irudiari nahiz garbitasunari kalte egiten dietela.
Ordutegiak, egunak eta material debekatuak
Udalak azpimarratu du tamaina handiko altzariak eta tresnak soilik 21:30etik aurrera utz daitezkeela edukiontzien ondoan: ekialdean; astearte, ostegun eta igandeetan; mendebaldean, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Zehaztapen horietatik kanpo botatzea, edo elementuak oinezkoei traba egiteko moduan uztea, udal araudiaren arau haustea da.
Gainera, bilketa sistema hori etxeko tresnetarako eta altzarietarako baino ezin da erabili. Udalak adierazi du erabat debekatuta dagoela edukiontzietan edo horien inguruan obra hondakinak, sanitarioak, pinturak eta disolbatzaileak, motor olioak, pneumatikoak, bateriak edo fluoreszenteak uztea. Material horiek baimendutako garbiguneetara eraman behar dira edo, bestela, baimendutako kudeatzaile edo zerbitzu mugikorren bidez tratatu behar dira.
Arau hausteak
Araudia betetzen ez dutenek zehapenak jaso ditzakete, Hondakinen Udal Ordenantzaren arabera. Arau hauste larriengatik (tamaina handiko hondakinak edonon botatzea, zaborra edukiontzietatik kanpo uztea edo axolagabe kudeatzea) isuna 1.000 euroraino irits daiteke. Jokabide horiek oso larritzat ere jo daitezke, baldin eta botatako hondakinek bolumen handia badute, hiri ingurunea nabarmen hondatzen badute edota material arriskutsuak kontrolik gabe uzten badira.

