Donostia Hiria pilota txapelketa Aste Nagusian izango da
Donostia Hiria pilota txapelketaren aurkezpena, Alderdi Ederren.Donostiako Udala Gaur goizean aurkeztu dute Donostia Hiria pilota txapelketa, berritasun esanguratsu batekin. Aurten, Aste Nagusiko egitarauarekin bat egingo du, udalak aurreratzea erabaki ondoren. Horrela, abuztuaren 11tik 14ra bitartean, pilota profesionalak hartuko du Atano III.a frontoia.
Nolanahi ere, txapelketak azken urteotako formatua eta izaera mantenduko ditu: bi finalerdi, eta bi final jokatuko dira —A eta B multzoetakoak—. Lehen jardunaldia abuztuaren 11n izango da, 17:15etik aurrera. A multzoko finalerdian, Laso-Iztueta eta Peña II-Mariezkurrena II ariko dira aurrez aurre, eta B multzokoan Sembrar-Landa eta Amiano-Ugartemendia.
Bigarren finalerdia, berriz, abuztuaren 12an jokatuko da, 17:15ean. A multzoan, Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III-Rezusta bikoteek neurtuko dituzte indarrak. B multzoan, berriz, Salaberria-Bikuña eta Murua-Gabirondo arituko dira. Bi finalerdietako bi bikote irabazleek A eta B multzoko finalak jokatuko dituzte Atano III.a pilotalekuan, 21:15ean.
“Donostia Hiria Aste Nagusian sartzea albiste bikaina da hiriarentzat. Pilota gure kirol eta kultur nortasunaren parte da, eta Atano III.a jaietan ere protagonista izatea merezi duen erreferentziazko agertokia da. Data aldaketa honekin, Aste Nagusiaren programazioa indartu nahi dugu, lehen mailako ekitaldi batekin, eta donostiarrei eta bisitariei pilota profesionalaren ikuskizunik onenaz gozatzeko aukera eskaintzen diegu”, azaldu du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak.

