Illunberi sarbidea emateko biribilgunea «galdutako aukera» dela salatu du Kalapiek
Illunbe parean eraikiko dute biribilgune berria, Begiristain Doktorearen pasealekuan. Donostiako Udalak ospitalerako igoeran biribilgune berri bat eraikitzeko lanak atera ditu lizitaziora. Illunbe inguruari sarrera ematea du helburu eta 1,3 milioi euroko aurrekontua du. Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak, ordea, salatu du “galdutako aukera” eta “etorkizunari ateak ixten dizkion” proiektua dela, ez soilik bizikleta bidezko mugikortasuna baztertzen duelako, baita ere etorkizunean ospitaleetara edo Miramon ingurura joateko “bide nagusian bidegorri bat eraikitzeko edozein aukera behin betiko baldintzatzen” duelako.
Aurreikusita dagoen biribilguneak ez du bidegorririk jartzea aurreikusten eta mugikortasunarekin konprometituta dagoela aldarrikatzen duen hiri batean, “hutsune hori bera nahikoa litzateke kritikarako” adierazi du txirrindularien elkarteak eta honakoa gaineratu du: “Hau da: udalak ez du soilik orain bizikleta bidezko mugikortasunean inbertitzeari uko egin; etorkizunean akats hori zuzentzeko borondate politikoa balego ere, horretarako aukera ia ezinezkoa bihurtzen duen azpiegitura diseinatu du”.
Errepikatzen den kasua
Kalapiek nabarmendu du Illunbeko biribilgunea ez dela salbuespena, ezta “hutsegite puntual” bat ere. Donostiar udaletxeak behin eta berriz espazio publikoa berrantolatzeko aukerak baliatu beharrean, bizikleta berriro ere alde batera utziko duela salatu du elkarteak eta azken urteetan egindakoen zerrenda bildu du: tren geltoki berria eta haren inguruko urbanizazio berritzean Egiara bizikletaz joateko loturarik gabe utzi dute, Easo kalean kontrako noranzkoko bidegorri bat egiteko “aukera paregabea” zutela adierazi zion udalari Kalapiek, baina ostalaritzako terrazak bihurtu dira, Marrutxipiko autobiderako lotune berrian oinezkoentzako pasabide bat eraiki da, baina bizikletentzako irtenbiderik ez da egin, Altzako kiroldegi berriak ingurua berriro urbanizatzea ekarri zuen eta bertan ere “ez zen bizikletazko mugikortasuna errazteko azpiegiturarik egin”, adierazi du Kalapiek. Halaber, biribilgunea “sistematikoki bizikleta baztertuta uzten duen espazio publikoen eraldaketen zerrenda luzera” gehitu dela nabarmendu du txirrindularien elkarteak eta udalari galdera bota dio: “zer hiri eredu ari da eraikitzen guztion diruarekin?”


